Iñaki Bengoa: "Jende asko dut laguntzen, minutu batez ere ez naiz bakarrik sentitu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko ira. 21a, 20:02
Iñaki Bengoa, Shot! estudioan, eguaztenean.

Euskal Herrian erreferente izan den Arrasateko Shot! grabazio estudioa berriz ere lanerako prest izango da laster; aurpegi berrituarekin, baina betiko filosofiarekin.

Maiatzaren 11n, sute batek San Andres auzoan dagoen Shot! grabazio estudioa kiskali zuen; samina sortu zuen herrian eta, orokorrean, Euskal Herriko musikagintza alorrean. Segituan zabaldu ziren estudioaren eta haren arduradun Iñaki Bengoaren aldeko elkartasun mezuak eta laguntza eskaintzen zieten askotariko proposamenak. Hilabete batzuk geroago, bestelakoa da egoera.

Zer moduz zaude?

Orain, oso ondo, ari naiz dagoeneko tunelean argia ikusten. Estudioko obrak hasi dira... eta esan dezaket badoala kolore pixka bat hartzen dena.

Shot!-en aldeko elkartasun kontzertuaren bezpera egunetan gaude; zelan daramazu?

Desordenatu samar nago. Deskolokatu samar harrapatzen nau kontzertuak, ihes egiten dit. Beste gauza batzuk kontrolatzen dituzu, gutxi gorabehera, baina honako honetan ez dut ezer kontrolatzen, galduta nago.

Pozik zaude, baina?

Bai, horixe, oso pozik eta harro, eta oso eskertuta, duda barik, baina eskuetatik ihes egiten dit apur bat. Lekuz kanpo sentitzen naiz. Zerbait egin ahal dudan galdetzen dudan bakoitzean, "zu lasai" erantzuten didate.

Zer diozu domekako kontzertuko kartelari buruz?

Interesgarria da, bai, esan didaten guztiak hor daude; hala ere, nik ez dut zerikusirik izan aukeratzerakoan. Dena eginda eman didate.

Sutearen egunetik hona, nola joan da guztia?

Hasieratik erabaki nuen obrekin uda ostean hasiko ginela; standby egin, geratu, eta gauzak erabakitzeko astia hartu beharra nuela ikusi nuen. Zorionez, udan entretenituta egon naiz Anita Parker taldearen kontzertuekin. Anita Parker ez balitz egongo, aspergarriagoa eta gogorragoa izango litzateke, baina ez dudanez aspertzeko astirik izan… Estudioaren disgustua ahazten lagundu dit.

Anita Parker aipatuta, indarrez jarraitzen duzue, eta laster Japoniara joango zarete.

Halaxe da, bai; irailaren 26an joango gara Japoniara. Orain dela urtebete lotutako bira da; orduan ez nekien estudiorik izango ez nuenik, baina horrela atera dira gauzak!

Estudio barik geratu zinen momentutik, baina, behar izan duzun guztia izan duzu.

Bai, horixe; soberan, gainera.

Obrak hasi berri dituzue; zein asmo duzu? Hau da, zelakoa izango da Shot! estudioa?

Aurrekoaren antzerakoa izatea gustatuko litzaidake niri. Aurretik ez nuen ezer aldatzeko asmorik; hortaz, lehen zenaren antzerakoa izango da, baina berria. Toki berean egongo da, eta teoria edo lan egiteko modua ere bera izango da. Asmoa hori da, baina noiz? Ez dakit esaten, Gabonetan… ikusiko da, izan behar duenean izango da!

Lan esparruari dagokionez ere, lehengo lepotik burua?

Bai, musika taldeekin grabatzen jarraituko dugu; horixe da-eta gustatzen zaiguna, eta egiten dakiguna.

Itsasontzi berrian nor izango duzu lagun?

Shot!-eko bazkide bakarra ni naiz; hala ere, alboan izango dut lehenago ere lankide nuen Ander Barriuso eibartarra; sekulako lana egiten ari da, aparatu guztiak garbitzen ari da, ahalik eta material gehien aprobetxatu ahal izateko... Sutea gertatu zenean, Shot!-en egiten zuen lan Barriusok, eta hura ere ezer barik geratu zen; asko zor diot egiten ari den guztiagatik! Era berean, Josema, Anita Parkerren teknikaria dena eta aurrez Shot!-en lan egindakoa dena ere, asko ari da laguntzen. Egia esan, jende asko dut inguruan laguntzen. Minutu batez ere ez naiz bakarrik sentitu.

Honetatik guztionetatik asko ikasi duzula diozu; ez duzu uste, baina, orokorrean, jende askorentzako ikasgaia izan dela?

Hala da, bai; musika arloan talde bakoitza bere kabuz ari dela dirudi, baina, lagundu behar denean, guztiok laguntzen dugu beti; Euskal Herrian, behintzat, horrela da eta izan da beti. Oraingoan, gertutik bizi izatea tokatu zait, eta, egia esan, flipatzen ari naiz jasotzen ari naizen laguntza guztiagatik; Euskal Herri osoko musika taldeek deitu didate.

Domekan geldi eta lasai egotea lortuko duzu?

[Barre] Saiatuko naiz, bai, ezkiurtxoren bat hartu… Etorriko diren lagunak agurtu… Saiatuko naiz, duda barik, ondo pasatzen, horixe da helburua, guztiok  ondo pasatzea. Eskerrik asko!

Elkartasuna: hitzetatik praktikara

Sutearen egunean dei asko jaso zituztela dio Arrasateko Mauka Musikagintzako Markel Madinabeitiak, eta hau gaineratu du: "Egun hartan garbi geratu zen Shot! estudioari laguntzeko emanaldiren bat egin behar zela". Hala sortu dute, elkarlanean, etzi, domeka, Amaia antzokian 19:00etan egingo duten IShot!U. Irati eta Taupa tabernetan eta Arrasate.eus atarian eros daitezke aurrez sarrerak, 12 eurotan, eta –agortzen ez badira– leihatilan 15 eurotan.

Bi ordu eta erdi inguruko saioak askotariko musika estiloak eta formazioak batuko ditu: Pablo Novoa & Keu Agirretxea; Ruper Ordorika, Petti eta Barrenan Semiak, Ines Osinaga, Aiora eta Piti (Zea Mays) eta Huntza. "Horiek guztiak egun berean antzoki baten ikustea opari bat da. Ea antzokia betetzen dugun Shot!-i bultzada bat emateko"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak