Jorge Davila: "Ispilutik ikusi gura ditugu atzetik datozenak"

Xabier Urtzelai 2018ko ira. 21a, 15:57

Entrenatzaile arrasatearrak bigarren urteari ekin dio Mojategiko aulkian, iazko azterketa nota txukunarekin gainditu eta gero. Baina aurrerapausoa egin gura du, eta Arrasate Irratian egindako elkarrizketan nabarmendu du Mondrak garaipenak eskuratzeko duen portzentajea iazkoa baino handiagoa izan behar dela. Hirugarren Mailara igotzeko borrokan egon gura dute.

Mojategin batzen diren zaleek, iaztik hona, ezberdintasunik sumatuko dute jokoan? 

Hasiera batean, ez da iraultzarik egongo. Berdegunean sendotasuna erakutsi gura dugu, talde serioa izanda; egia da baloiaren jabetzan aurrerapauso bat eman gura dugula. Izan ere, lan hori egiteko jende aproposa etorri da taldera, eta horretan ari gara lanean, gainera. Baina ez da iazkotik askorik aldatuko: baloia ez daukagunean intentsitatez presionatu, serio jardun, halakoei eutsi egin behar diegu. Izan ere, badakigu zorroztasun maila apur bat jaisten dugun momentuan arazoak izango ditugula. 

Liga honetan aspaldiko ezagunak zarete gehienak, ezusterako tarte txikia egoten da. 

Hori ari gara orain ikusten, horrenbeste ezagutzen ez ditugun taldeek zer proposatzen duten. Mailaz igo diren taldeak zer moduzkoak diren, mailaz jaitsi den Anaitasunak zein maila duen... Edonork eman dezake ezuste bat, edozein partidutan. Hori bai, partidu bat irabazteko dugun portzentajea iazkoa baino handiagoa izan behar da.

Talde moduan haztea, alegia. 

Hori da. Garaipenen portzentajea handitzeko lana egon behar da atzean, ezarri ditugun helburuak lortzeko taldeak progresio bat erakutsi beharko du urtean zehar; horrela lortuko dugu talde moduan haztea.

Eta, zein da aurtengo denboraldirako ezarri duzuen helburua? 

Bada, iazko lana hobetzea. Hobeto esanda, iazko emaitzak hobetzea [Mondra zazpigarrena izan zen iaz, 59 puntu batuta. Lehenengo postuan geratu zen Pasaiak 72 punturekin irabazi zuen liga] . Kontuak oso sinpleak dira, iaz lortutakoak baino 10- 12 puntu gehiago behar ditugu. Azken hamar urteetan mailaz igotzeko borrokan ibili direnak, hau da, azken bizpahiru jardunaldietara bizirik iritsi direnak puntu jakin batzuen bueltan ibili dira. Eta gu borroka horretatik 12-13 puntura geratu gara. Hau da, lau garaipen gehiago behar ditugu. Eta hor ere datuak sinpleak dira, 34 partidutatik, borroka horretan ibiltzeko, 23-24 garaipen behar dira. Horrek derrigortzen zaitu partidu guztietara topera joatera, garaipen bila joatera, ezin gara exijentzia maila horretatik jaitsi. Eta hor dago zailtasuna, urte osoan zehar zorroztasun maila horri eustea. 

Horrenbestez, bistan dago Mondrakook liga amaieran borroka horretan egon gura duzuela, mailaz igotzeko borrokan. 

Bai, eta hori da iaz falta izan zitzaiguna. Aurrealdekoen borroka horretan sartu ginen, baina atzealdetik begira egon ginen beti. Aurten, ispilutik ikusi gura ditugu atzetik datozenak. 

Zenbateko horietara iristeko, Mojategik gotorlekua izan behar du.

Bai, zalantza barik, etxetik oso puntu gutxik egin behar dute ihes. Baina ez dugu ahaztu behar etxean lortzen ez duguna kanpoan lor dezakegula, puntuek berdin balio dutela. Horregatik, etxeko lana bai, baina kanpokoa ere oso garrantzitsua da, nahiz eta kanpoan zailtasun handiagoak egoten diren. Alde horretatik, gure lanak izan behar du jokalariei sinetsaraztea partidu guztietara irabazteko asmoz goazela, guztietara, eta lehenengo minututik. Goian egon gura badugu, ez dago beste biderik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak