Hauek dira seigarren edizioan parte hartuko duten herriko eragileak: Zuztarrak errotuz, AED, Ekin, Txatxilipurdi, Trikitixa eskola, Udalaxpe , Portaloi elkartea, Arrasateko Bertso Eskola, Albokalariak, Lore Gazteak, Arrostaitz eta SUDC.
Goikobaluko balio historikoa, ludikoa eta botanikoa berreskuratzeko asmoarekin hasi ziren jai hau antolatzen. "Antzina egiten zen erromeria bat berreskuratu genuen, eta hasi ginen herriko hainbat talderekin elkarlanean", azaldu du Juanito Barberanek, Zuztarrak Errotuz taldeko kideak. Dioenez, "nahiko utzita" zegoen gune hori, eta horri buelta emateko sortu zen Goikobaluko jai hau.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere festa giroan ospatuko dute eguna. "Lekua oso aproposa da erromeriarako, eta umeek jolasteko ere toki zoragarria da. Beraz, aitzakia ezin hobea da bihar egun ederra pasatzeko. Gainera, badirudi, eguraldiak ere lagunduko digula.
Egitaraua zabala da, adin guztietako herritarrei zuzendutakoa. Hala ere, ekintza bat nabarmendu gura izan du Barberanek: ibilbide gidatua. "Azkeneko hiru urtetan ibilbide gidatu bat ere sartu dugu. Ferrerias kaleko Arotz plazatik abiatuta, ordubete inguruko ibilbide gidatua egiten dugu Goikobalura, Artazubiaga, Gaztelupe eta Gazteluondotik pasa, eta goraino. Ibilbide historiko bat da, herritarrei Goikobaluren historia azaltzeko balio duena. Oso interesgarria da", adierazi du.
Beraz, herritar guztiei jaian parte hartzeko dei egin die.
Iraileko laugarren zapatuan
Aurrerantzean, iraileko laugarren asteburuan finkatu nahi dute jaieguna, herrian egiten diren beste ekintza batzuekin bat ez egiteko. "Elkartasun Egunarekin bat egin izan dugu, adibidez, eta nahiago izan dugu eguna aldatu, herritarrak ekitaldi guztietara joan ahal izan daitezen".
Hona hemen zapaturako prestatu duten egitarau oparoa: