Txatxilipurdi egin eta beste Arrasate bat eta beste Euskal Herri bat berrasmatu daitekeela irudikatu zuten atzo Kulturaten. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek kaleratu duten Borobilean lan berrian, Txatxilipurdi abestia sartu dute, eta baita abestiaren bideoklipa ere. Eta, hain zuzen, gaur arratsaldean aurkeztu dute bideoklipa, Porrotx bera Arrasaten zela.
Botere harremanen inguruko lana da Borobilean; nork agintzen du etxean, eskolan, kalean, kuadrillan? Sarri, erabakiak goitik beherakoak izaten direla azaldu du Jose Mari Agirretxek, Porrotxek. "Bada, irtenbidea borobilean eseri eta beldurrak, pozak... partekatuta etor daitezke".
Espazio publikoaren erabilera
Ikuskizun berriko gaia hori zela kontuan hartuta Txatxilipurdi elkartearekin pentsatu zutela dio Agirretxek: "Hainbat hamarkada daramate lanean, Arrasate berrasmatzen. Haurren hiria eraiki nahi dute, eta haurrak ahaldundu nahi dituzte erabakiak har dezaten, espazio publikoa erabil dezaten...". Eta, nola ez, hori guztia euskaraz egiten dutela gaineratu du Agirretxek. "Txatxilipurdi maite dugu, miresten dugu eta baloratzen dugu", azaldu du pailazo ezagunak.
Opari "polita"
Txatxilipurdiko zuzendari Amaia Etxabek azaldu du harreman naturala dutela Katxiporreta elkartearekin: "Txatxilipurdi abestia egitea opari bat izan da guretako".
Maiatzean grabatu zuten bideoklipa: "Irudikatu gura izan genituen Txatxilipurdiren balioak, proiektua... txatxilitar guztiak gonbidatu genituen grabaketara". Arratsalde batean grabatu zuten: "Monterronen naturarekiko harremana aldarrikatu genuen; Arbolapetan kaleak jolaserako nahi ditugula; Portaloian euskara jarri genuen erdigunean; eta Biterin amaierako jaia egin genuen".
Gaurko aurkezpena xumea izan da: Egunon, Borobilean eta Txatxilipurdi bideoklipak eskaintzeaz gain, Porrotxek ekitaldia girotu du.