Ikasturte berriko lehen osoko bilkura egin dute Arrasateko udalbatzan. Lehenik eta behin, Meatzerreka auzoan, San Balerion konkretuki, udal jabetzako zortzi partzelen mugaketa egitea onartu dute, aurkako botorik gabe.
Ostean Irabazi taldeak aurkeztutako hiru mozio jorratu dituzte. Lehena, herrian dagoen amiantoari buruzkoa, bigarrena memoria demokratikoari buruzkoa, eta azkena, lan prekarietateari buruzkoa. Amiantoarena ez da onartua izan Udal Gobernuak aurka botatu duelako, eta gainontzeko biak aho batez onartu dituzte.
[Aurrerago jarriko ditugu onartutako mozioak euren osotasunean]
Galde eta eskeen tartean, laugarrenez jarraian, etxez-etxeko langileek hartu dute hitza. Gaixorik daudenean lanera joatera behartzen dituztela salatu dute, eta baita ordu pribatuak eta publikoak desberdin ordaintzen dizkietela ere. Amaieran esan dute Udal Gobernuak ez duela "ezer egin euren egoera konpontzeko".
Arrasateko EAJko bozeramaile den Anuska Ezkurrak erantzun dio, esanez, azken baieztapen hori ez dela egia eta Udal Gobernuak gai horrekin lotuta emandako pausuak zerrendatu ditu: langileekin egindako batzarrak, uztaileko osokoan onartutako puntuak, edo pleguak ez ateratzea, besteak beste. [Interbentzio osoa irakurtzeko egin klik hemen].
Kontraturik gabe lanean
Uztailaren 31a geroztik Udalak etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko indarrean zuen kontratua agortuta dago, eta momentu honetan kontraturik gabe ari da zerbitzua eskaintzen. Clece enpresarekin egoera horretan jarraitzea adostu zuten irailaren 30era arte.
"Legeak behartuta plegu berri batzuk atera beharko ditu Arrasateko Udalak kontratu berria esleitzeko. Ez da EAJren kontua. Agintean dagoen alderdia egonda, legeak Udalari agintzen dion zerbait da. Hala ere, eskua luzatzen dizuegu plegu berriak zuekin batera lantzeko" azaldu du EAJko Anuska Ezkurrak.
EH Bilduko eta Baleikeko ordezkariek ere hitza hartu dute, eta biek elkartasuna agertu diete etxez etxeko langileei. EH Bildutik, irailaren 30etik aurrera zer gertatutako den azaltzeko eskatu diote gobernuari, baina Maria Ubarretxena alkateak erantzun du, gai horri buruzko informazioa datorren asteko Ongizate batzordean emango dutela.