Kulturate Akustikoak musika zikloa gaur abiatuko da, eta sei emanaldi izango dira, bi asteburutan banatuta. Asteburu honetan, beraz, hiru kontzertu egongo dira Kulturaten.
Marala Trio hirukotea izango da lehen gonbidatua. Herrialde Katalanetakoak dira hirurak: Selma Bruna (Katalunia), Clara Fiol (Mallorca) eta Sandra Monfort (Valentzia). "Hauen eskaintza berezia da, eta, agian, guztietan akustikoena ere bai. Ahotsari garrantzia eta indarra ematen diote, gitarrarekin eta perkusioarekin lagunduta. Estilo desberdinak lantzen dituzte. Esperantza handiak jarriak ditut hirukote honengan", azaldu du Karmelo Alberdik, Kultura teknikariak.
Bihar, zapatua, Virginia Maestroren txanda izango da, bere taldearekin. 2008an Operación triunfo saio ezaguneko irabazle izan zen Maestro. "Saioa irabazi ostean, mainstream mundutik irten eta bere ibilbide propioa abiatzea erabaki zuen. Apustu ausarta, zalantzarik gabe, eta txalotzekoa ere bai. Azken urte hauetan lan polita egiten ari da folk-rock amerikar arloan", dio Alberdik.
Lehen asteburua Olatz Salvadorrek itxiko du, domekan. Skakeitan taldean hasi zuen musikari ibilbidea, eta, azken urteetan, talde horretan jotzeaz gain, bakarlari ere ari da. Zintzilik diskoa aurkeztera dator, taldearekin lagunduta. "Disko ederra iruditzen zait. Gainera, Euskal Herrian hain ohikoa ez den kutsu bat dauka, elektroniko puntutxo batekin eta estilo aldetik ere berezitasunekin", azaldu du teknikariak.
Datorren astean, beste hirurak
Irailaren 14an German Salto izango da Kulturateko oholtza gainean; 15ean, Lenao eta 16an, Fino Oyonarte.