"Jarrera eta soinua", beste edozeren gainetik

Xabi Gorostidi 2018ko abu. 4a, 18:00

'Estetikak agintzen du, baina guk nahiago ditugu jarrera eta soinua'. Legez Kanpo hirukotearen abesti baten hitzak dira. Aggressive Combat eta Hawkins Thugs taldeetako partaide ohiak dira, baina musikalki proposamen ezberdina dakarte orain.

Bizitza erdi baino gehiago daramate musika taldeak aurrera eramaten, baina badirudi ez zaiela gasolina agortu. Aritz Mauri, Jon Nevado eta Harri Anzizar arrasatearrek rock-androlla daramate zainetan, eta odola borborka duten artean ez dute etsitzeko asmorik.

Bi talderen errautsetatik

Aggressive Combat eta Hawkins Thugs taldeetako partaideek osatzen dute Legez Kanpo. Biak ala biak hilzorian zeuden, baina, horiek hiltzen ikusi ordez, proiektu berri bati ekitea erabaki zuten. "Hawkins Thugs taldea bertan behera geratu zen, besteak beste, Aritz Unamuno abeslaria atzerrira joan zelako. Hala ere, abesti berri batzuk genituen esku artean. Ez ziren Aggressiventzako kantuak, beste ukitu bat zuten. Aggressive Combat ere erdi hilik zegoen, eta gu hirurok bakarrik ginen lokalera joaten ginenak", azaldu du taldeko baxu-jole eta abeslari Aritz Maurik.

Musikalki aldaketa

Etxetik gertu kontzertu sorta bat egin eta Internetera lau kanta igo ostean, argi ikus daiteke Legez Kanpo ez dela orain arte egindakoaren errepikapen bat. Kantak laburragoak dira, bizkorragoak, aldi berean, eta Anzizarren gitarra efektuak eta punteatze indartsuak ditu.

"Cro-mags bezalako taldeen soinuaren bila abiatu ginen. Euskaraz eta gazteleraz abestu nahi genuen, eta Kaleak izeneko lehen kanta igo genuen Youtubera. Ostean, geldialdi txiki bat izan genuen, eta berriro hasterakoan, Harri efektuak eta pedalak erabiltzen hasi zen. Bera da benetan hiruron artean hobekien jotzen dakiena".

Lehen pauso horiek ematen ari zirela, Never Surrender taldeko abeslari Pottoko aritu zen abeslari lanetan, baina, azkenean, hirukote gisa finkatu ziren. "Hasi eta gutxira, Pottoko-ri abestea proposatu genion. Berak idatzi zuen, adibidez, Ez nator bat abestia. Baina bizkarreko arazo batzuengatik, ezin izan zuen jarraitu, eta hirurok jarraitu genuen aurrera".

Hitzak, ukitu kritikoarekin

Bandcamp webgunean zintzilikatu dituzten lau abestietan, argi geratzen da gogoko ez dituzten gauzetara zuzentzen dituztela kantuen hitzak. Besteak beste, ignorantzia, legeen diktadura, itxurakeria eta halako gaiak jorratu dituzte.

"Orain arte idatzi ditugun abestietan, nahiko presentzia du kritikak. Ez dira laguntasunari edo mozkorraldiei buruzko hitz mitikoak. Abestearen ardura Harrik eta biok hartu dugu, eta letrak idaztearena ere bai. Erdi bana egiten dugun lana da, baina nork bere abestiak ekartzen ditu".

Zazpi kantako LPa, irailerako

Momentu honetan taldearen erronka nagusia zein den galdetuta, zera erantzun du Maurik: "Laster, Bandcamp-eko lau abestiak Youtubera igoko ditugu, eta, irailerako, zazpi kantako LP bat aterako dugu. Kantak Legazpiko gazte lokal batean grabatu ditugu orain dela gutxi, eta orain, zigiluekin hitz egiten ari gara. Bosten artean egingo dugu banaketa: Galiziako bat, hemengo hiru eta Frantziako bat. Zuri-beltzezko portada izango du, lagun batek egin digu".

Underground eszenaren egoera

"Nahiko baxu dago, eta ez du zerikusirik gu hasi ginen garaiekin. Kaleko Urdangak eta Perlata bezalako taldeak hor daude, baina beti hor egon diren pertsonak dira. Ez dut mugimendurik ikusten belaunaldi berriengan. Faltan igartzen dut 20 urteko gazte batzuk ikusi eta harrituta geratzea. Nire ustez, ez dute kontzientziarik Do It Yourself filosofiarekin: ez dira gaztetxeetan sartzen, ezta politikan ere. Ez dute ezer antolatzen, eta indibidualismo gehiegi ikusten dut haiengan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak