Bulegoko lanari esker, mailari eutsi dio MUk

Iker Oñate 2018ko uzt. 20a, 11:50

Martxel Balanzategi, saskiratzeko ahaleginean.

Iazko denboraldia jaitsiera postuetan bukatu bazuen ere, ez du maila galduko Mondragon Unibertsitateak –EBAn lehiatuko da datorren denboraldian ere–. Hori lortuta, aurrera begira jartzea dagokie; hainbat fitxaketa aurreikusten dituzte.

Datorren urtean ere EBA ligan lehiatuko da Mondragon Unibertsitatea. Eta, aurreko denboraldia jaitsiera postuetan bukatu bazuen ere, mailari eusteko eskaera egin zuen taldeak, bide administratibotik. Eta onartu egin dute eskaera –duela astebete jakinarazi zieten hori–. "EBAko plaza eskatzean, ez genuen baiezkoa ziurtatuta. Zalantzak genituen. Baina goiko ligan egindako aldaketek libre utzi zituzten zenbait plaza; aurten EBAn behar luketen hainbat talderen esku daude horiek. Mesede egin digu horrek", aitortu du Fran Fernandezek, Ointxe!-ko zuzendaritzako kideak.

Hain zuzen ere, "epe luzeko" estrategiaren baitan hartu zuten plaza eskaera egiteko erabakia. Izan ere, zuzendaritzakoek ikusi zuten ibarreko saskibaloiaren "eten bako hazkundearendako" mesedegarri litzatekeela EBAn segitzea. Beraz, "erraz hartutako" erabakia izan zuten. Are gehiago, aurreko urteko emaitzak ikusita: "Soilik garaipen bateko aldeagatik bukatu genuen jaitsiera postuetan. Hala, hainbat partidu luzapenean galdu ostean, partidu bakarragatik maila galtzeak... ez dirudi zentzu handia duenik". Eta, horrez aparte, aurreko denboraldiko lesioak, aldaketak... dakartzate gogora zuzendaritzakoek.

Aurrera begira

Beraz, mailari eutsita, aurrera begira jarriak dira Mondragon Unibertsitatekoak. Eta, tartean, Arrasateko saskibaloiaren bueltan diharduten ia 300 neskamutiko horien erreferentzia "atsegin" izaten segitzea dute helburu. Hori bai, jakin badakite "maila handiko" saskibaloia eskaintzen jarraitu beharko dutela horretarako. "Hori lortzen badugu, ziur naiz datorren urtean EBA mailari eustea lortuko dugula, gainera", azaldu du Fernandezek.

Era berean, datorren denboraldirako taldea osatzen ari dira Mondragon Unibertsitatekoak –entrenatzaile taldeko Iñaki Arri eta Eneko Mata ari dira horretan, Gorka Zurutuza kirol zuzendariarekin batera–. Hain justu, talde "lehiakorra" osatzea dute helburu. "Aurreratuta ditugu zenbait kontratu luzatzeko negoziaketak. Era berean, bide onetik doaz hainbat jokalari berri ekartzeko elkarrizketak. Ixten joan ahala emango ditugu horien gaineko xehetasunak", aitortu du Fernandezek.

Kontrakoan, baina, taldea uzteko erabakia hartu dute zenbait jokalarik, "arrazoi ezberdinak tarteko" –Andoni Aranzabal, Gorka Arejolaleiba, Mikel Basterra eta Jordan Rutherford–. Eta, horiek utzitako "hutsunea" betetze aldera, harrobiari begira ere badihardute MUkoek. "Poztasun handiak eman dizkigute azken urteetan. Beraz, euren ekarpena egiten hasi behar lukete lehen taldean, etorkizun batean, protagonista bilakatzeko", dio Fernandezek.

Denboraldi "zaila"

Hori bai, zuzendaritzakoek denboraldi "zaila" aurreikusten dute datorren urterako. "Oso berdinduta dagoen txapelketa da EBA. Soilik hiru edo lau talde egon ohi dira gainetik, baldintza ekonomikoek lagunduta, besteak beste. Gainerakook parean dihardugu, normalean", argitu dute zuzendaritzakoek.

Eta, hori horrela, garrantzi handia ematen diote denboraldi hasierari. Horren arabera finkatuko dituzte "benetako helburuak": mailari eustea edo "anbizio handiagoz" jardutea. Bien bitartean, atseden hartzea dagokie Mondragon Unibertsitateko jokalariei. Abuztu bukaera eta irail hasiera bitartean hasiko dute denboraldi-aurrea; eta, ostera, urri erdialdean izango dute denboraldiko lehen norgehiagoka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak