Aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien pilatu zituen aukeren artean geratu zen bizikleta garbitzeko gune bat jartzearena, eta Udal gobernuak 2018an zehar proiektua errealitate bihurtzeko konpromisoa hartu zuen. Hala, laster hasiko dituzte horrelako gune bat egokitzeko lanak, Zigorrola auzoko Arruena parkean.
Lau enpresa aurkeztu dira lanak egiteko, eta Udaleko zerbitzu teknikoek hala gomendatuta, Frixi Construcciones enpresak egingo ditu lanak 4.786 euroren truke –BEZ barne–.
Horrez gain, instalazioa osatzeko, hainbat elementu erosiko ditu Udalak. Horien instalazioa enpresa adjudikaziodunak egingo du, adjudikazio prezioaren barne baitago elementuen instalazioa. Aurreikusten da 1.500 euroko gastua egingo duela Udalak elementu gehigarri horiek erosteko.
Fitxa bitartez
Bizikleta garbitzeko gune berriak fitxa-sistema bidez funtzionatuko du, "kontsumitutako ura kontrolatzeko". Zera dio erabaki horren inguruan Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak sailak egin duen txostenak: "Kontsumitutako ura kontrolatzeko Udalak nahi du bizikletak garbitzeko instalazioaren erabilera ez izatea dohainik, hau da, instalazioa erabili nahi duenak, aurretik fitxa batzuk erosi beharko ditu. Gastatutako ura kontrolatzeko, instalazioak edukiko du tenporizadore bat, martxan jarriko dena fitxen bidez. Tenporizadoreak seinale elektrikoa bidaliko dio elektrobalbula bati, zein zabalduko eta itxiko da uraren irteeraren denbora kontrolatuz mahukan".
Aurrekariak
Aurrekontu parte hartzaileen aurretik, herritar talde batek eskaera formalak –BAZen eta kirol batzordean– egin zituen bizikletak garbitzeko mangera bat jartzeko. [Orduko albistea irakurtzeko egin klik hemen]. EH bilduk ere aurrekontuetako emendakin bezala proposatu izan du mangera jartzearena, baina Udal gobernuak ez zuen horren alde egin Garagartzako gunea nahikoa zela argudiatuta.