10:00etatn hasi eta goizaldeko 03:00ak arte areto futbolaren festa handia bizi izan zen atzo Zaldibarren. Guztira 15 taldek hartu zuten parte –bi emakumezko eta hamahiru gizonezko–, eta ikusleen aldetik erantzun paregabea izan zuen txapelketaren itzulerak.
"Parte hartzaileen eta ikusleen aldetik feedback oso positiboa jaso dugu. Guretzat lehen aldia zen, baina antolakuntza aldetik gauzak ondo egin ditugula transmititu digute" azaldu du antolakuntza taldean aritu den Danel Garciak.
Gizonezkoen mailan taldekako fase bat jokatu ostean, hasi zituzten kanporaketak. Finala Etxoste tabernak irabazi zuen (3-0) Komando Pekines taldearen aurka, eta areto futbolaren festa goizaldeko 03:00ak arte luzatu zen. Datorren urtean berriz antolatuko duten galdetuta, zera erantzun dute antolatzaileek: "Gogoz gaude txapelketa berriz antolatzeko. Ikusi beharko da datorren urtean nola gabiltzan prestutasun aldetik, baina aurtengo esperientzia baliatuta ziur gauzak errazago egingo ditugula. Gogo faltagatik ez da izango".