Urrezko kaiolak musikaz apurtzeko gosea

Xabi Gorostidi 2018ko uzt. 13a, 10:19

Perlata talde arrasatearrak disko berria kaleratu du, 'Urrezko kaiola' izenburupean. Sei abestiz osatuta dago, eta barroteen artetik amorruz egindako letrak idatzi dituzte. Orain, kontzertuak emateko eta diskoa ahalik eta gehien hedatzeko ordua iritsi zaie.

Arrasateko musika taldeen pultsua nahiko baxu dagoen momentu honetan, badaude argi izpiak eta itxaropenerako zantzuak ere. Eta horietako bat, ezbairik gabe, Perlata taldea da.

2015ean sortu zen, ondorengo taldekideekin: Ane Garai –gitarra–, Jaione Martinez –gitarra eta biolina–, Ander Moreno – bateria– eta Maialen Oleaga – baxua eta ahotsa–. Baina musikaren mundua ez zen berria eurentzat, aurretik Lost Girls, Interprete Desconocido, Neallta Fola eta No Ways taldeetan jotako musikariak ziren eta.

Jarrera propioa

Nagusiki emakumeek osatutako taldea izateak berritasun puntua eman zion Perlataren agerpenari. Baina ez zen taldearen bereizgarri bakarra izan. Biolina eta halako instrumentuak erabiltzeagatik, kritikarako eta autokritikarako letrak idazteagatik, abesti propioak denbora laburrean sortzeko gaitasunagatik eta zuzenekoetan taularatzen zuten irudiagatik eta jarreragatik eman zuten zeresana.

Ibilbidearen lehen zatian konposatutako abestiekin Nondik hasi? izeneko lehen diskoa kaleratu zuten, 2017ko martxoan. Berlineraino ere iritsi ziren lehen diskoko kontzertuekin, eta Hatortxu Rock jaialdiak antolatutako Lilaketa lehiaketako irabazle izan ziren. Sari gisa disko berri baten grabaketa jaso zuten, eta jada kalean dago: Urrezko kaiola du izena, eta sei abestik osatzen dute.

"Lehen diskoa ateratzeko, lan handia egin genuen aurretik, eta diskoa grabatzearena begiz jota genuen. Baina bigarren hau beste modu batean etorri da. Ez genuen espero Lilaketa txapelketa irabazterik, baina hala suertatu da. Beraz, kaxoian gordeta genituen abestiak hartu, eta berriz abiatu gara Lorentzo Records estudiora, lehen diskoa grabatu genuen leku berera", azaldu du taldeko abeslari Maialen Oleagak.

Disko berria

Ezarritako arauen aurkako gerra, rockaren indarra, plazera bilatzeko ausardia, itxurakeria... askotariko gaiak landu dituzte disko berriko abestietan, orain arte izan duten ukitu kritikoari eutsiz. "Abesti guztiek dute mezu bat. Ez dakit mezuak helarazten saiatzen garen edo, besterik barik, barrutik ateratzen zaigun". Diskoari izenburua eman dion Urrezko kaiola abestiak, adibidez, keinu garbia egiten dio sare sozialek agintzen duten gizarteari eta bertan bizi den itxurakeriari.

"Guretzako, Urrezko kaiola izenburu borobila da, hainbat egoeratan aplikatu daitekeelako. Letran, sare sozialek eragiten duten atentzio goseak eta azaleko bizitzak aipatzen ditugu, baina baditu beste hainbat dimentsio ere. Hainbat egoeratan eta erlaziotan aldatzeko beharra sentitzen dugu, eta kaiola mota asko daudela esango nuke. Indarra eta esanahia du, eta horregatik jarri diogu titulu hori diskoari".

Bateria jole berria

Taldean aldaketa bat izan berri dute. Ander Morenok grabatu zuen diskoa, baina orain, Harri Anzizar da taldeko bateria jolea. Hainbat taldetan aldi berean aritu izan da orain arte, eta segituan moldatu da talde berrira.

Kontzertuen txanda

Osorik tabernan aurkeztu zuten diskoa, ekainaren 24an, eta orain, ahalik eta kontzertu gehien jotzean jarriko dituzte indarrak. "Diskoa zabaltzeko, kontzertuak emateko eta, batez ere, ondo pasatzeko ordua heldu zaigu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak