Juan Luis Merino: "Iheslari esparruak hiri bilakatu dira"

Xabi Gorostidi 2018ko uzt. 6a, 14:00

Juan Luis merino Nablus hirian, atzean Palestinako bandera duela.

Giza eskubideen ikuskatzaileen euskal delegazio bat bidali du Sodepaz GKEk Palestinara, eta zinegotzi arrasatearra bertako partaideetako bat izan da. Zortzi eguneko egonaldia egin dute, Palestinako errealitatea bertatik bertara ezagutzen eta hainbat eragilerekin elkartzen.

Zeintzuek osatu duzue delegazioa? Eta zein izan da zuen zeregin nagusia han?

Alor ugaritako partaideek osatu dugu delegazioa: kazetariek, sindikalistek, aktibistek, politikariek... CEAR Euskadiko presidente Patricia Barcenas, Foro Sozialeko koordinatzaile Agustin Hernan, Donostiako Udaleko EH Bilduko zinegotzi Olaia Duarte, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Maite Santamaria, CCOOko Esther Piñeiro, Iñaki Makazaga freelance kazetaria, EITBko albistegien zuzendari Aintzane Bolinaga, Pikara magazineko zuzendari Maria Angeles Fernandez eta ni neu izan gara.

Zer-nolako agenda izan duzue?

Intentsitate handiko zortzi egun izan dira, atsedenik gabe, 08:00etatik 20:00etara gauzak egiten. Bilera asko egin ditugu, giza eskubideen aldeko elkarteekin, emakumeen eskubideak defendatzen dituztenekin, gazte mugimenduekin, haurrekin lan egiten duten elkarteekin...

Irudia: Palestinako horma batean Gernikari erreferentzia.

 

Zerk hunkitu zaitu gehien?

Injustiziak, oro har. Poliziei harriak botatzea egotzi zieten gazte batzuen epaiketa ikusi genuen, eta ez zuten defendatzeko ia aukerarik. Armada israeldarraren errepresioa eta oldarkortasuna itzelak dira. Zisjordaniako horma ikusten ari ginela, tiro egingo zigutela abisatu ziguten soldaduek, gu hor egote hutsagatik. Eta gero, etxeen afera dago. Kalandian, adibidez, hormatik 100 metrora zeuden etxe guztiak botatzen ari ziren, segurtasun zona zela argudiatuta. Dena justifikatzen dute segurtasunarekin aitzakiarekin, eta berdin zaie bertatik kanporatu dituzten familiekin zer gertatzen den.

Eta nora jotzen dute familia horiek?

Euren familia kideengana joan, edo zuzenean iheslari esparruetan finkatu. Iheslari esparruak hiri bilakatu dira gaur egun. Aidakoa, adibidez, 5.000 errefuxiaturekin hasi zen, eta gaur egun 55.000 daude. Oso eremu prekarioak dira, eta bizimodu duina eramatea oso zaila da han.

Adierazpen askatasuna oso mugatuta dago?

Erabat. Hebron hirian geundela, delegazioko kide bat atxilotu egin zuten. Abrahamen meskitan geundela, Iñaki Makazaga kazetariak argazki bat atera zion kaleko jantzita zihoan polizia bati. Zoroen pare etorri zen gugana, eta Iñaki atxilotuta eraman zuten. Mugikorreko argazki guztiak ezabatzera behartu zuten, eta, ostean, aske utzi zuten. Mozal legea onartzeke duten arren, egunero aplikatzen dute.

Irudia: Delegazioko kideak Mikel Ayestaran kazetariarekin batera.

 

Zein izan daiteke gakoa palestinarren egoera hobetzeko?

Euren egoera oso latza da, baina horri beste arazo bat gehitu behar zaio: Donald Trump. Al-Fatah, Herri Fronte Demokratikoa eta OLP alderdiekin batzartu ostean, argi utzi digute biolentziarik gabeko erresistentziaren alde egingo dutela. Ohartu egin dira ezin ditzaketela harriak erabili tankeen aurka egiteko. Boikot, desinbertsio eta isun kanpaina erabili nahi dute Israeli aurre egiteko, arlo ekonomikoa baita min handien ematen diena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak