Mondrateren campusa, harrobia lantzeko tresna

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 29a, 10:29
Mondrateren lehen campusaren irudi bat, Mikel Gonzalez jokalariaren bisitarekin. (ASIER ELGEZUA)

Arrasateko areto futbol taldeak laugarren campusa hasiko du astelehenean, eta hiru astean zehar herriko ia 100 gaztetxo batuko dituzte bertan. Aurten, Iturripeko konponketa lanen eraginez, Musakolako Kiroldegian egingo dute.

Uztaileko lehen hiru asteetan areto futbola ezagutu eta bertan lehen urratsak egiteko aukera izango dute Arrasateko gaztetxoek. Hain zuzen, 8 eta 14 urte bitarteko 92 neska-mutilek eman dute bertan izena. Aurtengoa laugarren ekitaldia izango da, eta, taldeko arduradun Jonatan Rasok azpimarratu duenez, ezinbesteko pieza izan da Mondrate taldearen harrobia sendotzeko. "Campusa oso garrantzitsua da guretzat, batez ere, etorkizunera begira urratsak egiteko. Eta gazteentzako, uda ondo pasatzeko eta horri etekina ateratzeko modu bat da".

Orain arte, Iturripeko kiroldegian egin dituzte campusak, baina aurtengoa Musakolakoan egingo dute, Iturripeko lanengatik. "Iturripen hiru zelai genituen, eta orain, bi izango ditugu. Baina egia da eguraldiak gutxiago baldintzatuko gaituela". 10:00etatik 13:30era iraungo dute saioek eta egunero emango diete hamaiketakoa –zukua eta fruta–. Teknifikazio ariketez gain, urjolasak, jolas kooperatiboak eta irteerak egingo dituzte.

Eguaztenean, bilera informatiboa

Astelehenean hasiko dute campusa, eta eguaztenean bilera informatiboa egin zuten Kulturaten, gurasoei begira. Campusaren nondik norakoak azaltzeaz gain, gurasoek euren seme-alaben monitoreekin zuzenean hitz egiteko aukera izan zuten

Irudia: Mondrateko kideak gurasoei azalpenak ematen asteazkeneko bileran.

Denboraldiaren balorazio positiboa

Gaur egun, bost talde daude Mondrate klubaren baitan: bi kadete, gazteak, bigarren taldea eta talde nagusia. Sortu zenean, talde bakarra zuten, baina, hein handi batean, campusei esker lortu dute harrobia, pixkana, egituratzea.

Esan bezala, bi kadete mailako talde izan dituzte aurten, eta maila ona eman dutela azpimarratu du Rasok. "Lehen urteko kadeteek asko hobetu dute urtean zehar, eta oso ondo aritu direla esango nuke. Beste kadete taldea hirugarrena izan da Gipuzkoako sailkapenean, eta gutxigatik ez dute finala jokatu".

Gazteen taldeak urte gorabeheratsua izan du. "Lehen taldea bezala, nahiko makal hasi ziren, eta pixkanaka hobetzen joan dira". Aurtengo poztasun handienetako bat bigarren taldearen eskutik heldu da, mailaz igotzea lortu dutelako. Hala, Gipuzkoako bigarren mailan arituko dira datorren denboraldian. "Partidu ia guztiak irabazi dituzte. Bigarren amaitu zuten sailkapenean, eta, lehenen aurka jokatutako finala galdu arren, mailaz igoko dira".

Talde nagusiari dagokionez, helburua lortu dute: mailari eustea, hain zuzen. "Urte hasiera zaila izan zen guretzako, puntuak pilatzea asko kostatzen zitzaigulako. Motel samar hasi ginen, baina, gutxika, taldeak hobera egin zuen, eta egonkortzen joan gara maila berri horretan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak