Alderdien oharrak LGTBI+ kolektiboaren egunaren harira

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 28a, 17:26

Gaur, ekainak 28, LGTBI+ kolektiboaren nazioarteko eguna da, eta Udal Gobernuak eta EH Bilduk horrekin lotutako oharrak plazaratu dituzte, denen artean adostutako adierazpen bat sinatzea ezinezkoa izan delako. Baleikek gai honi buruzko mozioa aurkeztuko du hurrengo osoko bilkuran.

Udal Gobernuak, oharra ateratzeaz gain, hiruko arrosa jarri zuen Kulturaten eta baita Gazte Bulegoko balkoian. Oharrean, besteak beste, hauxe aipatzen zuten: "Hainbat aurrerapen egin diren arren, ezin gara engainatu, LGTBIfobia errealitate bat baita oraindik ere". EH Bilduren oharrean, egindako lorpenak ospatzeko eguna dela aipatzen zuten, baina "baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere".

Hona hemen Udal gobernuaren oharra bere osotasunean:

"Pertsona guztiak duintasunean eta eskubideetan libre eta berdin jaiotzen dira. Hitz hauek ageri dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren lehen artikuluan. Tokiko udalen, erakundeen eta herritarren eskubideen babesaren eta defensaren bermatzaileen  oinarrizko lana gidatzen du“

Ekainaren 28,LGTBIQ (Lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual, queer) harrotasun eguna, eskubideak aldarrikatzeko nazioarteko eguna da, errespetua eta bizikidetza aniztasunaren ikuspegitik aldarrikatzekoa. Duela mende erditik ospatzen da, Stonewallen, polizia errepresioaren ondoren homosexualek plantoa egin zutenetik.

Nabarmenak dira gai horri buruz egindako aurrerapenak, lege-arloan nahiz gizartearen ideiei dagokienez, lorpen horiei esker iragazkortasun handiagoa lortu du baita sexu-aniztasuna bizitzeari dagokionez ere. Baina horrek ez gaitu engainatu behar, LGTBIfobia errealitate bat baita oraindik ere.

Homofobiaren kontrako eguna aldarrikatu berri dugun honetan, kolektiboak nazioarte-eremuan aurre egin behar dion egoera zaila nabarmendu nahi dugu. Ez dugu ahaztu behar LGBTIfobia gehien hedatuta dagoen gorroto-moduetako bat dela eta 70 herrialdetako baino gehiagotako zigor-kodeetan instituzionalizatuta dagoela eta zigor-kode horietan genero-orientazio, -identitate eta -adierazpen desberdinen arau errepresoreak biltzen direla. Hori guztia ahaztu gabe herrialdeek gaur egun ere aurreikusten dutela LGTBI kolektiboari heriotza-zigorra aplikatzeko aukera, baita kolektibo horrek herrialde askotan aurre egin behar dien gorroto-krimen kontaezinak ere. Urrun dagoen zerbait dela ematen duen arren, kontua da, gure ingurunean gero eta gehiago ikusten den errealitatea dela; izan ere, egoera dramatiko horrek eragindako asilo-eskaerak izugarri ari dira igotzen azkenaldi honetan.

Era berean, agendak, ospakizunek, ekitaldiek eta gainerakoek, horrelako errealitateak gure gizartean gero eta toki gehiago duela gogorarazten digu. Gipuzkoan asko eta asko dira egun hau ospatzen duten herriak, modu honetan, gainera, heteroarauak ezarritako eredutik kanpo agertzen diren sexualitate motak ierarkizatu eta baztertzen duen identitate sexualak ezarritako aurreritzietatik, edozeinek eremu horretan askatasunez bizitzeko duen eskubidea agerian jarriaz. Ildo honetatik aipa daiteke aldarrikatu berri dela, apirilaren 26an, hamargarren urtez, Ikusgaitasun Lesbikoaren Nazioarteko Eguna eta honek argi uzten du, oraindik ere asko dagoela egiteke.

Tokiko administrazioak dira beren gertutasunagatik herritarren beharrak neurtzeko lehen termometroa. Ezinbestekoak dira, beraz, herritarren bizikidetza babesteko eta pertsonak ez diskriminatzea zaintzeko, edozein dela ere beren arraza, sexua, adina, jatorria eta sexu orientazioa.

Toki administrazioak egitura garrantzitsuenetakoak dira eskubideak eta askatasunak bermatzeko eta ongizate estatuari egiten dion ekarpena bultzatzeko.

 Beraz, Arrasateko Udal gobernuak:

  • Giza eskubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, baita aniztasun sexualaren, genero identitatearen eta orientazio sexualaren arabera jendea ez diskriminatzearekin ere. Egin diren aurrerapausoak aitortzeaz gain, berresten dugu egun oraindik dauden barrerak gainditzeko gure erabakia.
  • Aniztasun sexualaren aldeko eta orientazio sexualaren edo genero identitatearen arabera pertsonak ez diskriminatzeko politiketan apustu egiteko beharra adierazten dugu. Horretarako programak garatu behar dira, harrera proiektuak, informazioa, formazioa, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa. Horrela lortuko dugu gure herriak gune seguruak izatea aniztasun sexualarentzako bere adierazpen guztietan.
  • Edozein motatako erasoa gaitzesten dugu gure udalerrietan; indarkeria fisikoa edota hitzezkoa, umiliazioa edota LGTBIQ pertsonekiko gutxiespena. Horregatik, konprometitzen gara:

a)    Askatasun sexualaren alde lan egiten duten taldeei eta elkarteei eta zehatzago, LGTBIQ kolektibo eta berdinasunaren arloan lan egiten dutenei gure laguntza eskaintzera

b)    Herritar guztiei zuzendutako sensibilizazio eta kontzienziazio kanpainak bultzatzera.

c)    Ekainaren 28ko alkarrikapen eta ospakizuna ikusgai egitera; horretarako udaletxeko balkoian ortzadar bandera zintzilikatuko da eta gainera urtetik-urtera LGTBIQ kolektiboaren eskubide eta askatasunerako ekintzak gehitzen joango dira.

d)    LGTBIQ Kolektiboa identifikatzen duten taldearen sinboloak agerian jartzeko gero eta espazio gehiago jartzera, horretarako herriko paisaiarekin bat egin eta aldarrikapena urte osoko ekintza izan dadin.

Arrasateko Udaletik herritarren aurrean LGTBIQ kolektiboaren askatasun eta babesarekin konpromezua adierazi nahi dugu ekainaren 28aren baitan aldarrikapenerako ekitaldien gaineko laguntza eta bultzada agerian jarriaz.

Era berean, Arrasateko herritarrak kultura eta jai alorreko ekintzetan murgiltzea, haien zabalpenean eragitea eta mobilizazioetan parte-hartzera gonbidatzen ditugu".

Hona hemen EH Bilduk bidalitako oharra bere osotasunean:

"49 urte igaro dira Stonewalleko erreboltaz geroztik. 1969ko ekainaren 27tik 28rako gauean New Yorkeko polizia Stonewall izeneko pub batean sartu zen transexual, lesbiana, gay eta bisexualak atxilotzeko. Euren eskubideak defendatzeko elkartzen ziren lehen aldia ez bazen ere, data hori mugarri bihurtu zen diskriminazio- eta ikusezintasun-testuinguru batean: LGTBI+ pertsonek euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko antolatu zuten borrokan katalizatzaile bat izan zen.

Orduz geroztik ekainaren 28an LGTBI+ pertsonen Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatzen da: dibertsitatea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.

Gaur egun oraindik ere LGTBI+ pertsonek mota guztietako diskriminazioak jasaten dituzte, askotan indarkeria barne: sexu-orientazioagatiko eta/edo genero-identitateagatiko gorroto-delituak, heterosexualitatea arau gisa inposatzen dela agerian uzten duten hainbat diskriminazio eta eraso, trans kolektiboaren patologizazioa, trans diren haur eta nerabeentzako arreta egokirik eza, eta abar. Ez dugu ahaztu behar bidegabeko errealitate diskriminatzaile hori askoz handiagoa dela pertsona askorentzat euren arraza, jatorria, egoera administratiboa eta/edo sozio-ekonomikoa eta abar direla medio. Oraindik ere hori
gertatzen ari da gure gizartean, eta gure betebeharra da LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazio mota oro ezabatzeko lan egitea. Araudiari eta ekintza espezifikoak martxan jartzeari dagokienez aurrerapausoak eman diren arren, oraindik lan asko egin behar da LGTBI+ pertsonek euren eskubide guztiez egun guztietan goza dezaten defendatzeko eta sexualitatea eta generoa bizitzeko modu eta adierazpen guztien normalizaziorantz beharrezko gizarte-aldaketa gauzatzeko.

Egun honetan ezin dugu ahaztu Euskal Herrian mugimendu LGTBI+ eta feminista osatzen duten pertsona guztien borrokaren aldarrikapena, izan ere, eguneroko zereginean, eta diskriminazio mota oro ezabatzeko lan eginez, gizarte benetan bidezkoa, igualitarioa eta feminista eraikitzeko funtsezko ekarpena egiten baitute. Euren borrokari laguntzeko gure konpromiso politikoak egunerokoa izan behar du, ez soilik adierazpenak eginez, baizik eta gizarte-ordezkariekin adostutako ekintzak martxan jartzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak konprometituz, betiere ikuspegi feminista eta eraikitzailearekin.

Funtsezko giza eskubideez, norberaren identitatea definitzeko eta identitate hori askatasunez bizitzeko eskubideaz ari gara. Horregatik, Arrasateko EH BILDUko udal hautetsiok ondorengo konpromisoak hartzen
ditugu:

1) Udal jardunean sexu-aniztasuneko eta genero-identitateko ikuspegia sartzea, eta zehazki:
• Diskriminazioaren prebentziorako eta identitate eta praktika sexu-afektibo ez heteroarautzaileak, askotarikoak eta askatasunean egindakoak garatzeko ekintzak barnean hartzen dituzten baterako hezkuntza feministako bultzatzea, beharrezko baliabideak bermatuz.
• Diskriminazioa jasaten duten LGTBI+ pertsona guztiei, eta bereziki beren sexu, arraza, jatorri, egoera administratibo eta abarrengatik kalteberatasun handiagoko egoeran dauden pertsonei sozialki, psikologikoki, juridikoki eta ekonomikoki laguntzeko beharrezko baliabide guztiak eman daitezen sustatzea.
• EAEn LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa osoa eta araudiaren garapen egokirako beharrezko baliabide guztiak bermatuko dituen araudi espezifiko bat martxan jartzeko eskaera egitea.
• LGTBI+ adineko pertsonen arreta egokirako zerbitzuak sustatzea.
• Gure eskumenen esparruan, beste leku batzuetatik iristen diren eta beren sexu-
orientazioaren eta/edo genero-identitatearen ondorioz jazarpena jasaten dutela adierazten duten pertsona guztientzako arreta osoa eskaintzea.
• Mugimendu LGTBI+ eta feministekin etengabeko komunikazio- eta lankidetza- kanalak mantentzea, eta ekimen bateratuak martxan jartzeko baliabideak erraztea.

Era berean, aurreko ekintza horiek guztiak mugimendu horiekin kontrastatu beharko dira.

Herritarrei dei egiten diegu, mugimendu LGTBI+ eta feministek gure udalerri eta hirietan deitzen dituzten ekintzetan parte har dezaten. Arrasateren kasuan, dei egiten dugu 19:30ean Aretxabaletan burutuko den manifestazioan parte hartzera. Berton ikusiko dugulakoan, milesker.

Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!"

 

Hona hemen Baleikren oharra, bere osotasunean:

"Kaixo danoi, 

Adierazpen instituzional bateratua adosteko ezgaitasuna eta borondate politiko urria ikusita eta adierazpen hauei ematen zaien balio eza kontuan hartuz, egun sinbolikoetan xede handia erakutsiz baina gero ekintzetan zehaztu gabe denboran desagertuz, gaiaren gainean mozio bat aurkeztuko dugu Baleike udal taldeak, hurrengo udalbatzarako. Tamalez, LGTBI kolektiboaren berdintasunean aurrerapausu instituzional errealak egiteko eta ekintza zehatzak adosteko alderdi politikoek dugun modu bakarra dela dirudienez, mozioa aurkeztea erabaki dugu. Egun seinalatuetan adierazpen eta borondateak argitaratzea garrantzitsua dela deritzogu, baina gero xede hauek denboran zehar gehiegitan ezerezean geratzen dira. Neurri zehatzak hartzea ezinbestekoa dela deritzogu. Ondorioz mozio hau proposamen bezela bidaltzen diegu alderdi guztiei, moldatzeko eta adostasunak bilatzeko borondate osoz talde politiko guztion ekarpenetara zabalik. Gure helburua gutxieneko konpromezu batzuk lortzea eta aurrera eramatea da, udal ordezkari garenez LGTBI kolektiboarekiko erantzukizuna bait dugu.

Honetaz gainera, gaur atzaldean 19:30-etan Atxabaltan TransMarikaBolloFeminista koordinadorak antolatutako manifestaldian parte hartzeko deialdia zabaltzen diegu gure auzokide guztiei."

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak