EH Bilduren ustez presoen aldeko pankarta kentzea "lekuz kanpo" egon zen

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 27a, 10:03
'Guriek geurera' leloa duen pankarta Txosnagunean

Lekukoen bidez jakin izan zuten Arrupek "agresibitatez, oihuka eta indarrez" kendu zuela, ekainaren 25eko manifestazioko leloa zuen pankarta. "Presoen eskubideen aldeko pankarta batek erreakzio hori sorrarazten badu ez dagokigu guri hausnarketa egitea, kargu publiko hori sostengatzen duen alderdiari baizik".

Euren ustez, "presoen eskubideen auziak oso sostengu zabala du Euskal Herrian eta modu nabarmenean gure herrian", eta "jendarteko arazo sozialen presentziak" ez dute jaia "politizatzen".

Horretaz gain, gaur arte adierazpenik egin gabe egon direla azaldu dute, "giroa gehiago ez berotzeko".

Hona hemen EH Bildutik helarazi duten oharra bere osotasunean:

"Arrasateko EH Bilduk kezkaz bizi izan ditu azken egunotan Arrasaten gertatutakoak. Ekainaren 23an EAJko zinegotzi batek, botilarekin izan ala ez, indarkeria eta amorruz “Guriek geurera” esaldia zuen pankarta bat kendu zuen herriko plazatik arratsaldeko 19:00ak aldera jendez gainezka zegoela. Lelo horrekin ekainaren 25ean manifestazioa egin zen herrian eta inork ez zuen aurretik eragozpenik jarri. Presoen eskubideen alde jaietan urtero egin ohi den manifestazioa da.

EH BILDUko zinegotziak ez geunden plazan pankarta kendu zenean, gertatu eta gutxira ailegatu ginen, eta lekuko ezberdinekin hitz egin ahal izan genuen. Guztiak zeuden zur eta lur Ibon Arruperen agresibitatea ikusita, oihuka eta indarrez kendu baitzuen.

Ez da lehen aldia hau dioguna. Gorroto eta fanatismo ekintzek ez dute bizikidetzan laguntzen eta jendarteko arazo sozialen presentziak ez du jaia politizatzen. Euskararen txantxangorria edo eraso matxisten salaketa bezain politikoa da presoen gaia. Presoen eskubideen aldeko pankarta batek erreakzio hori sorrarazten badu ez dagokigu guri hausnarketa egitea, kargu publiko hori sostengatzen duen alderdiari baizik. Presoen eskubideen auziak oso sostengu zabala du Euskal Herrian eta modu nabarmenean gure herrian.

EH BILDU nahita egon da adierazpenik egin gabe jaiak amaitu arte, ez dugu giroa gehiago berotu nahi izan eta. Aurreikusi zitekeen mina eta herritarren erreakzioa sortu du horren sentikorra den presoen eskubideen gaia lantzen duen pankarta kentzeak. Guk izan dugun ardura bera eskatzen diegu beste batzuei, herriaren giroa ozpindu ez dadin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak