Zapatuan, jaietako lehen egunean, izan zen gertakaria. Sare sozialen bidez zabaldu zutenen arabera, Ibon Arrupek "oihuka" eta "kristalezko botila apurtu batekin" kendu zuen Josu Arkauzen eta Unai Paroten presoen irudia zuen kartela.
Hona hemen gertatukoa azaltzeko Arrasateko EAJk helarazi duen oharra, bere osotasunean:
"San Juan bezperan herriko plazan jarritako pankartaren eta horren inguruan sare sozial zein herriko hedabideetan argitaratu diren mezuen harira, Arrasateko EAJ-PNV-k ondorengoa adierazi eta argitu nahi du:
- Lehenik eta behin, EAJk, alderdi eta udal gobernu gisa bizikidetzaren aldeko apustu irmoa egin du eta egingo du beti eta horri lotuta, guztionak diren espazio publikoak zaindu eta horiek errespetatuak izan daitezen lan egiten du.
- Kasu honetan, herriko plaza arrasatear guztion topagunea da, elkarbizitzarako gunea, alegia, are gehiago jai egunetan, plaza hori baita, hain zuzen, festen ekintzen eszenatoki nagusia. Eta ez dezagun ahaztu, festak, espazio publikoak bezalaxe, guztionak eta guztiontzat direla eta politizatu gabeko jaien alde egin nahi dugula.
- Joan den larunbatean aipatu plazan pertsona batzuek ETAko bi presoen aurpegiekin egindako pankarta bat jarri zuten, guztiona den espazioa politizatu nahian eta kontutan izan gabe herriko sentsibilitate ezberdinak, horregatik pankarta kendu zen.
- Edonola ere, EAJ-PNV-ko zinegotzia ez zen inondik-inora botila apurtu batez baliatu pankarta hori kentzeko. Arrasateko etorkizuna ezin da gezurretan oinarrituta eraiki.
- Gertakari eta mezu horien guztien aurrean, EAJ-PNV-k onartezinatzat jotzen du zinegotziaren eta noski, alderdiaren aurkako eraso zuzena eta gaineratu du, edozein kasutan errespetua eta egia direla bizikidetzaren aldeko ukaezinezko printzipioak.
- Guztia ez da zilegi, hori dela eta, edozein aitzakiaz baliatuta modu pertsonal eta zuzen batean alderdiko zinegotziak eta alderdia bera kaltetu nahian dabiltzan pertsonei eta kanpaina hau martxan jarri dutenei, errespetua eskatzen diegu.
- Elkarbizitzan zinez sinesten badugu, erasoak, irainak eta tankera honetako kanpainak albo batera utzi eta elkarlan-bideak jorratzea beharrezkoa da.
- Amaitzeko, EAJ-PNV-k, datozen egunak jai giro eder eta baketsuan igarotzea opatzen die arrasatear guztiei".