Maiatza, urte osorako eredu

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 25a, 13:05

Kultur aniztasunaren hilabetea izan da maiatza, bertakoen eta kanpotik etorritakoen artean zubiak eraikitzeko ekintzaz josita egon dena. Bertan parte hartu duten lau protagonistarekin batu da GOIENA, euren iragana eta etorkizuna gertutik ezagutzeko

"Niretzako, benetan gogorra izan zen bi seme-alabak bertan uztea"

Gloria Cecilia Gomez (Kolonbia)

 

Bi seme-alabaren ama da, eta horietako batekin bizi da gaur egun Arrasaten.

Zer dela-eta irten zinen Kolonbiatik?

Ez neukan etxebizitza ezta bizitza onik bertan, batez ere, banandutako senarrarekin arazoak nituelako. Alaba bat eta seme bat nituen, eta euren formakuntza akademikoari aurre egiteko grinak bultzatu ninduen Kolonbiatik irtetera. Zorrak nituen, baina baita bizitza hobe bat edukitzeko ilusioa ere, eta 2007an Tenerifera joan nintzen.

Nolakoa izan zen aldaketa prozesua?

Niretzako, benetan gogorra izan zen nire bi seme-alabak bertan uztea. Hona etorri eta bi urtera alaba ekartzea lortu nuen, eta lau urtera semea ere bai.

Nola heldu zinen Euskal Herrira?

Tenerifeko lehen egonaldian, ez nuen lanik aurkitu, eta Arrasatera heldu nintzen. Lana aurkitu eta Extremadurako gizon batekin maitemindu nintzen. Nire izeba bat Tenerifen zegoen 2001a ezkero, eta hona heldu berritan lanpostu bat aurkitu zidan Tenerifen; bost izarreko hotel batean. Baina ezetz esan nion, hemen oso gustura nengoelako; lana nuen, eta, batez ere, asko apreziatzen ninduen pertsona bat nuen. Tamalez, minbiziak jota hil zen, duela zortzi hilabete.

Zein da zure egoera orain?

Elkarte gastronomikoak garbitzen ditut, eta oso gustura nago lanarekin. Aurretik, adindun pertsonak zaindu izan ditut hiru urtez, eta oso gogorra iruditzen zitzaidan. Etxe bat erosi berri dut eta alabarekin bizi naiz. Semea Kolonbiara itzuli zen unibertsitate ikasketak amaitzeko, baina orain, 40 eguneko oporraldia du eta ni bisitatzera etorri da, neska lagunarekin batera. Hemen lagun ugari dauzkat, eta Arrasaten bizitzea asko gustatzen zait.

Nola ikusi dituzu maiatzean egindako ekintzak?

Integratzeko eta jende berria ezagutzeko balio dute. Horietako askotan parte hartu dut, eta gustatu zitzaidan dokumentala. Etorkizunerako erronkak? Ez dut Kolonbiara itzultzeko asmorik, nahiz eta asko maite dudan. Nire etxea ordainduta izan eta ahalik eta gehien bidaiatu nahiko nuke. Bizitza gozatzea, besterik ez.

 

"Euskaldunek enpatia berezia dute gurekiko, eta igarri egiten dugu"

Saleh Salek (Sahara)

 

Saharaldeba elkarteko presidentea da. 42 urte ditu bi seme alaben aita da; saharar nazionalistatzat du bere burua.

Zerk bultzatu zintuen zure sorterria uztera?

Nire kasua oso berezia da hona datozen sahararren %99rekin alderatzen baduzu. 11 urterekin, gobernuen arteko akordio bati esker, Kubara joan nintzen ikastera lau urterako. Hori amaitzean, beka bat lortu nuen, eta Andaluzian jarraitu nuen nire formakuntzarekin. 1998an, ikasketak amaituta, lanean hasi nintzen; lehenengo Murtzian, ostean Malagan, Balmasedara joan nintzen 2012an eta 2015ean Arrasatera.

Hainbeste mugitu ostean, zer dela-eta finkatu zara Euskal Herrian?

Elkarteko presidentea naiz, eta administrazioarekin eta hainbat elkarterekin dut harremana. Hemen ez daukagu inongo kexarik; batez ere, erakundeek gu laguntzeko borondatea dutelako. Sahara naziorik gabeko herria da, eta horrek sortzen dizkigun arazoak konpontzeko ahal duten heinean laguntzen digute; paperen eta osasun txartelen kontuetan, adibidez.

Zuentzat, zeintzuk dira paperak lortzeko arazo nagusiak?

Ez dugunez estatu propiorik, hiru pasaporte har ditzakegu: lurralde okupatuetakoak direnek, marokoarra; kanpamentuetatik gatozenok, Algeriakoa; eta beste batzuek, mauritaniarra. Baina hauek iraungitzerakoan arazo asko izaten ditugu, enbaxadetan ez dituztelako ontzat ematen. Herrialdetik irteteko ematen dizuten dokumentua da, baina behin-behineko izaera duena. Hori dela eta, hiru urte egon gaitezke pasaporterik gabe, bidaiatu gabe.

Hala ere, saharar izatea abantaila bat dela diozu. Zergatik?

Zapaldutako herria garenez, jendeak besoak zabalik hartzen gaitu. Euskaldunek enpatia berezia dute sahararrekiko, eta guk igarri egiten dugu. Jaso dugun laguntzari esker, 2015etik aurrera aberrigabezia eskubidea eska dezagu gure egoera normalizatzeko.

Zeintzuk dira, zure ustez, integrazioa lortzeko gakoak?

Hizkuntza jakitea da horretarako oinarririk sendoena, eta, ostean, ezbairik gabe, borondatea; esfortzua egiten baduzu, lortuko duzu.

Nola baloratzen dituzu maiatzean egin diren ekintzak?

Niretzako, administrazioa eta elkarteak ez dira ezer bertako pertsonen bihotz ona gabe, eta hori ikusi dut nik maiatzean.

 

"Euskarari esker irribarre asko erakarri ditut"

Ouiame Ouchen (Maroko)

Tangerko bereberra da, eta 33 urte ditu. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaben ama da.

Zer dela-eta utzi zenuen sorterria Euskal Herrira etortzeko?

Nire kasuan, senarrekin bizi ahal izateko izan zen, Eskoriatzan bizi baitzen 2000 ezkero. Ezkontza batean ezagutu genuen elkar, eta lehen kolpean maitemindu nintzen harekin. Distantzia handiegia zenez, erabakia hartu behar izan genuen, eta hona etortzearen alde egin nuen.

Nolakoa zen zure bizitza hona etorri aurretik?

Nahikoa baliabide zituen familia batekoa naiz. Batxilergoa ikasi ostean, Frantziako Zuzenbidea ikasten aritu nintzen hiru urtez. Amaitu aurretik, ordea, lanpostu bat aurkitu nuen frantziar multinazional batean, eta bertan lanean nenbilen zuzendaritza laguntzaile postuan.

Erabaki erraza izan zen?

Asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Nire ibilbide profesionalean lehen urratsak egiten ari nintzen, eta nire familia ere bertan zegoen. Baina arriskatu beharra zegoen, eta Euskal Herrira etortzea aurrera egiteko aukera bat bezala hartu nuen. Hona etorri aurretik, Tangerko Cervantes institutuko gaztelaniazko eskoletara joaten hasi nintzen. Lanetik irten, eta gaztelania ikasten nuen 20:00etatik 22:00etara. Ezkondu ondoren, bisa eskuratu nuen 2006an, eta 2007an etorri nintzen hona.

Nola gogoratzen dituzu lehen egunak?

Iraila zen eta senarra gauez lanean zebilen. Eguraldia oso txarra zen; hotza, ekaitzak... gogoratzen dut euriaren zaratak beldurra ematen zidala. Hala ere, senarrak eta haren lagunek asko lagundu zidaten. Heldu eta gutxira, ikasten jarri nintzen erizain laguntzaile izateko. Titulua lortu nuen, eta nahiko nota onekin, gainera, eta neure buruarengan konfiantza hartzen hasteko balio izan zidan.

Zein zailtasun izan dituzu integrazio prozesuan?

Batzuek karga hirukoitza dugu; txiroak, kanpotarrak eta emakumeak garelako. Ikasketak egin eta jarraian praktikaldia egin nuen adindun pertsonak zaintzen, eta bertan esperientzia txarren bat edo beste izan nuen. Lankideen atzetik ibili behar nuen ogibidea ikasteko, eta, adibidez, gela batera sartu eta atea parez pare ixtea tokatu izan zait. Soberan zaudela sentiarazten ahalegintzen dira, baita lantokitik kanpo ere. Tokatu izan zait ere curriculuma eramatea, eta, zuzenean, ez hartzea, edo lanpostuan beloa kentzera behartzea. Baina, nire kasuan, erreakzio itsusi horiek aurrera egiteko motor bezala hartu ditut. Horrelakoa naiz.

Eta erraztasunik izan duzu?

Hemengo elkarteek eta erakundeek integrazioaren alde sekulako lana egiten dute; benetan txalogarria da. Horren adibide garbiena maiatzean ikusi dugu. Aniztasun kulturala jendarteratzeko hainbat ekintza egin dira, eta gehiago egiten jarraitu beharko genuke. Hasieran, ez nuen elkarte horien berri, baina asko lagundu didate nire istorioa beste batzuekin partekatzeko eta beste pertsona batzuekin erlazionatzeko. Ez dut izenik aipatu nahi, baina benetan pertsona zoragarriak dira.

Euskara jakiteak gauzak erraztu dizkizu?

Ikasten ari naiz, eta haurrekin ere asko ikasten dut. Agur edo eskerrik asko batekin jendearen aurpegiak aldatu egiten dira, eta euskarari esker irribarre asko erakarri ditut. Ni bereberra naiz, eta badut hizkuntzarekiko sentsibilitate hori.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Nire negozioa zabaltzeko aukera aztertzen ari naiz. Beraz, bertan lanean, eta gaur egun dakidana baino euskara gehiagorekin.

 

"Badaude janzkeragatik munstro bat bezala begiratzen dizutenak"

Samina Kausar (Pakistan)

Samina pakistandarra da, eta 2012an etorri zen Euskal Herrira. Ezkonduta dago, 29 urte ditu eta bi seme-alabaren ama da.

Zer dela-eta etorri zinen Pakistandik hona?

Senarra Eibarren bizi zen, eta harekin bizitzearren etorri nintzen. Ni 2012an etorri nintzen, eta hura 2010a ezkero zegoen hemen.

Zein zen zuen egoera Pakistanen?

Nire kasuan, nahiko ona zen. Nire familiak nahiko baliabide izan ditu beti, eta ez zitzaidan ezer falta. Batxilergoa egin ostean, Irakasle ikasketak egin nituen, eta bi urtez aritu nintzen irakasle, hona etorri aurretik. Baina nire senarraren kasua ezberdina zen. Haren aitak lan egin arren, ez zuen askorik irabazten eta baliabide gutxi zituzten. Haren osaba batzuk Leonen bizi ziren, eta haiei esker hartu zuen Eibarrera etortzeko erabakia.

Nola gogoratzen dituzu lehen egunak hemen?

Lehen astean pozez txoratzen nengoen, urtebete baino gehiago neramalako senarra ikusi gabe. Baina ostean, bakardade handia sentitzen nuen senarra lanean zegoenean, ez nuelako beste inorekin harremanik. Handik gutxira, haurdun geratu nintzen. Haurdunaldi gogorra izan zen, eta semea gaixotasun arraro batekin jaio zen. Hanka bat bestea baino handiagoa du, eta askotan joan behar izan genuen medikuarengana. Nire bizitzako etapa zailena izan zela uste dut, semea gaixo zegoelako eta nire aita eta ama urrun zeudelako. Bigarrena goiztiarra izan zen, baina guztiz osasuntsu dago.

Egoera horretan integratzea ez da erraza izango...

Batzuek begi onez ikusten zaituzte, baina janzteko eragatik badaude munstro bat bezala begiratzen dizutenak. Hizkuntzarik ez jakitea muga handi bat da. Gogoratzen dut azukrea erostera joan nintzela denda batera, eta arroza erosi nuela. Nire kasuan, etxetik ikasten nuen, Internet bidez, eta baita medikuengana egiten nituen bisitetan ere. Euskara jakitea ere gustatuko litzaidake. Aurrekoan, medikuarenera joan nintzen 3 urteko alabarekin, eta hura eta medikua euskaraz komunikatzen ziren.

Zein egoeratan egon nahiko zenuke hamar urte barru?

Senarra lan gabe dago, eta beste leku batera mugitzea pentsatzen ari gara. Baina semeak oso gustura daude hemen, eta baita ni ere. Biok lana aurkitzea eta hemen jarraitzea nahiko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak