Iban del Campo: (Zinema zuzendaria): "Zientzia fikziozko filma egin dut familia irudiekin"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko eka. 23a, 09:15

Iban del Campo zinema zuzendaria.

78 film laburren artean zazpi aukeratu dituzte 21. Kimuak katalogorako; horien artean dago Iban del Campo arrasatearraren Espedizio handia zientzia fikziozko lana.

Bigarrenez dago Etxepare Institutuaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin antolatutako Kimuak programan; 2009an, Dirty Martini izan zuen.

Zorionak! Pozik?

Oso pozik, lantaldeak egindako lan guztiari zentzua ematen diolako, eta, ilusioarekin, toki askotan erakutsiko dutelako.

Zer kontatzen du filmak?

Nire aitak orain dela urte asko idatzi zuen ipuin baten moldaketa da. 3001ean abiatuko den izarren arteko espedizio bat kontatzen du, unibertsoaren erdigunera heltzea dute helburu; ez dugu esango, noski, lortzen duten edo ez.

Zerk bultzatu zaitu zientzia fikzio generoa egitera?

Batez ere, aitaren ipuinak; aspalditik nuen istorioarekin zerbait egiteko gogoa. Era berean, Stanley Kubrickek 2001: Odisea en el espacio filma egin zuela 50 urte bete dira aurten, eta film esanguratsu horri keinua egin gura izan diot.

Diozu zientzia fikzioa genero konplikatua dela; zergatik?

Hasteko, ez dagoelako Lurrean girotuta; hor hasten dira konplikazioak, nola jantzi irudiekin eta zer soinu erabili. Asmatu egin behar izan dut guztia.

Irudiei dagokienez, gehienbat, aurretik zenituenak erabili dituzu. Zelakoak?

Hainbat iturritakoak nahastu ditut: batetik, Australian bizi den osaba batek grabatutako familia irudiak; Super 8 kamera batekin irudiak hartzen zegoen beti. Egia esan, zaila da zinema familiarrarekin zientzia fikzioa egitea. Izututa daukat familia!

Zer diote etxekoek?

Harrituta eta oso pozik daude, garai batean grabatutako irudiekin film bateko aktore bihurtu direlako [Barreak]. Horrez gainera, zientzia fikziozko beste film batzuetako irudiak erabili ditut, eta badaude honetarako espresuki grabatutakoak ere. Hori guztia, soinu bandak eta off ahots batek lotuta.

Lehenengo aldiz egin duzu horrela kontakizuna.

Bai; alde horretatik ere, zerbait berria egin nahi nuen. Egun batean, autoan irratia entzuten nindoan, nolabait nire buruan casting-a egiten, eta hala aurkitu nuen bila nenbilen ahotsa, Arrasate Irratian. Lagun baten etxe-estudioan grabatu genuen istorio osoa arratsalde batean.

Soinu banda zelakoa da?

Bitxia da hori ere; lehenago aipatu dudan osabaren musika artxibotik atera nuen gehiena; Ingalaterran bizi zenean irratietan grabatutakoetatik. Horrez gainera, Blade Runner filmaren kanta zati bat ere badago; nolabait eskertzeko egin zuten lana.

Zure bizipenetan oinarrituta, zer da Kimuak-en egotea?

Ia bi urtez zure filma munduan zehar mugitzea; ikaragarria da! Azken lanak egiten ari gara orain: kartela, trailerra eta azpitituluak zazpi hizkuntzatan. Lanez lepo, hortaz, baina pozik. Duda barik! Esperimentu bat izan da, eta begira, Kimuak-era iritsi gara!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak