Ute Clece Zaintzen enpresarekin kontratua duten 26 emakumeek lan baldintzak hobetzeko helburuarekin hasi dutela lan uztea jakinarazi dute, eta zein den arazoa azaldu: "Ute Clece enpresak Arrasateko etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen du, bai Udal zerbitzuek subentzionatutakoak baina baita gainontzekoak ere, hau da, ordu pribatuak deitzen dienak. Horrela, enpresa berberarendako, eta askotan erabiltzaile berarendako lan egin arren, hitzarmen desberdinek arautzen dituzte langileen baldintzak. Horien helburua da egoera aldrebes horri amaiera eman, eta lan baldintza guztiak arautuko dituen hitzarmena sinatzea".
Lan baldintzak "duintzeko borrokan aspalditik" dabiltza, baina negoziaketak apirilean hasi zituzten. Era berean, Arrasateko Udalari eskatzen diote "bere ardura har dezala", bereziki zerbitzuaren zati bat uztailean lehiaketara aterako dutelako: "Langileek diote aukera ona izango dutela, guztion borondate onez, negoziatu eta baldintzak hobetzeko", diote ELAko ordezkariek.
Baldintzak hobetzeko eskaerak
Egoera konponduko luketen aldaketak ere proposatu dituzte, besteak beste honako hauek: ordu publikoak eta pribatuak berdin ordaintzea, eta gaixotzerakoan penalizaziorik ez jasotzea. "Gaixotasun arruntagatik soldataren %100a ordaintzea eskatzen da, eta ez orain arte bezala, lehenengo hiru egunak 0 euro, 4 eta 20 egun bitartean %60, eta 21. egunetik aurrera %75".
Langileek diote Ute Clecek ez duela horren guztiaren gainean berbarik egin gura: "Udalak eskaintzen dizkion tarifak erabiliz ordu batzuetan soldata hobetzea da bere azken eskaintza eta punto. Bitartean, behar handiena duten herritarren kontura negozio borobila jarri du martxan. Udalak, aldiz, beste alde batera begiratzen duela kontu honetan guztian salatu dute grebalariek".