Astelehenean, AGAKOko kideek oharra kaleratu zuten, udal langile batzuek gaztetxeko sukaldean eta serigrafia tailerrean egindako esku hartze bat salatzeko.
Oharraren abiapuntua hori izan arren, ohar berean, gaztetxeko eraikinak duen hezetasun arazo sakona ere aipatzen zuten. "Azken urteetan ugaritu egin dira eraikinean dauden itoginak, agertoki osteko gunea eta barra urez betetzen dira euria egiten duen aldiro".
Bi gune kaltetuenak
Barran eta agertoki osteko gunean hezetasun arazoak agerikoak dira. Paretetan hezetasun marka handiak daude, eta euria egiten duenean ur-putzuak sortzen dira. "Barra osteko biltegian, adibidez, hiru zentimetroko sakonera duten putzuak sortzen dira. Bertan daude hozkailuarentzako eta ordenagailuarentzako kableak, eta uraren presentzia hori oso arriskutsua da", azaldu diote AGAKOko kideek GOIENAri.
Irudia: Barra osteko gunean, paretak hezetasunez beteta daude eta hiru zentimetroko putzuak sortzen dira euria egiten duen aldiro.
"Gure aldetik, ahal dugun bezala egin diogu aurre arazo honi. Bi edo hiru egunean behin gaztetxera joaten aritu gara ura kentzeko, baina ezin dugu askoz gehiagorik egin. Arazo handiegia da guk konpontzeko. Eraikina egin zeneko arazo estruktural baten ondorioa da hezetasuna, eta konponbidea eskatzen diogu Udalari. Eraikinaren atzealdean, karkaba handi bat dago, eta bertako lurretatik ura sartzen da eraikinaren atze aldeko paretara".
Udal Gobernuaren azalpenak
Udal Gobernuak adierazi du gaztetxeko kideekin batzartzea aurreikusten dutela, eraikinaren mantentze arazoak jorratzeko. Udal eraikin bat denez, honen mantentzea Udalari dagokio. Gobernuak jakinarazi duenez, apirilaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ikuskatze tekniko bat egin zuen gaztetxean, eta bertan eraikinak 19 arazo zituela jasotzen zen; horietatik zazpi, larriak. Hala, arazo horietako bat konpontzeko egin zuten sukaldeko eta serigrafia tailerreko esku hartzea brigadako langileek.
Esku hartzea 2017an
Iaz, hezetasunagatik, metalezko xafla batzuk jausi ziren agertoki osteko sabaian, eta, haiekin batera, baita hormigoi zati bat ere. AGAKOk horren berri eman zion Udalari eta esku hartze bat egin zuten iaz udan; metalezko estruktura batzuk jarri zituzten sabaiari eusteko. Baina AGAKOk adierazi duenez, kondentsazioaren eraginez ur tantak jausten dira orain metalezko estruktura horietatik.