Udal gobernutik adierazi dute esku-hartze tekniko bat izan dela. Apirilaren 23an Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ikuskatze tekniko bat egin zuen gaztetxean, eta bertan eraikinak arazo larri batzuk zituela abisatu zuten. Horiek konpontzeko brigadako langileak bidali zituzten, eta adierazi dutenez gaztetxeko kideen presentzian egin zuten esku-hartzea. Horrez gain, AGAKOko kideekin bilera bat egitea aurreikusten dutela adierazi dute, eraikinak dituen arazoei buruz hitz egiteko.
Hona hemen AGAKOtik komunikabideetara igorri duten oharra, bere osotasunean:
"Arrasateko Gaztetxea gune libre eta autogestionatua da. Hau AGAKO, Guraso eta Haur Asanblada, Kooltur Ekintzak, Ikasle Abertzaleak, Pottogorriak eta norbanako ugarik osatzen dugu. Modu honetan, aniztasunean eta askatasunean oinarritutako ekintzak loratzen dira bertan eta horrela eraikin honetan dauden esparru desberdinei (liburutegia, barra, zinea, serigrafia...) bizitza ematen diegu.
Baina, tamalez, aste honetan Arrasateko Udalaren aginduz, zenbait langile guztiona den espazio autogestionatu honetan sartu dira, eta serigrafiako eta sukaldeko instalazio elektrikoa hondatu dizkigute, aurrez ezer abisatu gabe.
Hori dela eta, asteburu honetan beste eragile eta norbanako batzuekin elkarlanean burutu beharreko jarduerak zapuztu dizkigute; Arrasateko Gaztetxea eta gurekin elkarlanean aritzen diren eragile eta norbanako guztiak erasotuz. Argi dago zein den eraso honen helburua: herrian sortzen diren alternatiba ezberdinei bidea oztopatu eta beraien botere instituzionala inposatzea.
Bide batez, eraikinaren egoera prekario eta tamalgarria salatu nahi dugu. Izan ere, azken urteetan ugaritu egin dira eraikinean dauden itoginak, eszenatoki osteko gunea eta barra urez betetzen dira euria egiten duen aldiro, eskaileren egoera tamalgarria da... Arrasateko Udalak, egoera honen berri duen arren, ez du behar den ardurarekin erantzuten. Izan ere, konponketaren bat edo beste burutu arren, ez du eraikinak behar duen besteko erantzukizunarekin erantzun.
Hala ere, argi utzi nahi dugu borrokan jarraituko dugula eta sistemak inposatutako ereduari alternatibak eraikitzen jarraituko dugula. Ez dugu etsiko! Udaletxeari eta beraien eredua inposatu nahi diguten eragile, alderdi politiko, norbanako... guztiei hortzak erakutsiko dizkiegu!"