Arrasate Musikalekoen ekimenez, puntako ahotsak entzuteko aukera izango da gaur Kulturaten –18:00etarako finkatu dute hitzordua–. Hori lortu nahirik, hamahiru abeslari inguruk esku hartuko dute hitzorduan. "Emanaldirako propio aukeraturiko abeslariak dira, goi mailakoak. Batzuk nire ikasle dira abesbatza eskolan; beste batzuk kontserbatorioko ikasle bilakatuak dira", azaldu du Tere Gonzalezek, Arrasate Musikaleko irakasle eta ekinbidearen arduradunak.
Esan beharra dago, bestetik, bi urtean behineko ekimena dela Gala Lirikoarena. Eta ez dituzte kontzertu asko eskaintzen; normalean, Arrasate eta Aramaio dituzte jardun-leku –duela bi aste izan ziren Aramaion–. "Emanaldiak harrera ona izan zuen bertan. Gala Lirikoa bukatuta, kritika baikorrak helarazi zizkigun jendeak. Tartean, esan ziguten gustura jarraituko zuketela emanaldia ikusten", aitortu du Gonzalezek. Ia bi orduko iraupena du Gala Lirikoak.
Eta abeslariek ez dihardute bakarrik: Marta Izagirre eta Eduardo Artzamendi musikarien laguntza dute –tartean, pianoa jotzen dute eurek–. Horiekin, banaka, binaka zein hirunaka dihardute abeslariek. Eta askotarikoak dira euren profilak: "Adin tarte handia dago abeslarien artean. Era berean, askotarikoak dira euren ahotsak: tenoreak, baritonoak eta sopranoak –gehienak– ditugu".
Askotariko abestiak
Gauzak horrela, era askotako abestiez osaturiko sorta prestatu dute emanaldiko protagonistek; zarzuelak, opera piezak eta euskal kantu herrikoiak izango dira, besteak beste. Horien artean dira La traviata eta Nere herriko neskatxa maite. "Bertaraturikoek ezagun izango dituzte abesti gehienak", dio Gonzalezek.