50 urte, "auzotik, auzoarendako"

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 4a, 16:09
Garagartzako lagunak, elkartearen inaugurazio egunean; 1968ko ekainaren 2an, hain zuzen.

Filosofia horrekin zabaldu zituen ateak Garagartza auzoko Leze-txiki elkarteak, 1968ko ekainaren 2an. Auzoa tabernarik gabe geratu izanak eragin zuen elkartea sortzeko beharra, baina aurretik kolektibitate tradizio sakona zegoen Garagartzan.

Duela 50 urte ireki zituen ateak Garagartzako Leze-txiki elkarte gastronomikoak. Telebistarik, mugikorrik eta Internetik gabeko garaiak ziren, gaur egungo gazteek zuri-beltzean irudikatzen dituztenak. Baina modernitate horien hutsunea primeran betetzen zuten orduan lagun-giroarekin eta tertuliarekin, eta, horretarako, tabernak ziren bilgunerik aproposenak.

Elkartea sortu baino lehen, hiru taberna izan zituen auzoak: Otxoana, Perkiñena –gaur egun Belun dagoen inguruan– eta Murrixena. "Zapatuetan eta domeketan izaten zen giro handien auzoko tabernetan. Denetarik egiten genuen: jan, edan, kartetan egin... baita borrokan eta kantuan ere", azaldu du elkartearen sortzaileetako batek.

Murrixena ixterakoan, Otxoana zen auzoko erdigunean geratzen zen taberna bakarra, baina jabeek ixtea erabaki zuten 1967an, eta auzoko erdigunea umezurtz geratu zen tabernei zegokienez. Egoera horren aurrean elkarte gastronomiko bat eratzearen ideia lantzen hasi ziren.

Kofradien tradizioa

Auzoaren alde lan egitea egokitzen zitzaien, baina aurretik bazeukaten horretarako ohitura nahiko errotuta. Kofradia modura funtzionatzen zuten hainbat elkarte zeuden Garagartzan; Uraren junta, adibidez. Auzoaren ur-hornidura kudeatzen zuen elkartea zen, Oviedon zegoen Espainiako Iparraldeko Ur Konfederazioan legalki erregistratua zegoena. Edozelan ere, uraz gain, ganaduak lantzeko eta elektrizitatearen hornikuntzarako antzerako talde lanak ere egiten zituzten.

Auzotarrak eta ehiztariak

Beraz, lanerako eskarmentuarekin eta gogoarekin, elkartearen helburu nagusiak definitzen hasi ziren 1967an, betiere, "auzotik eta auzoarentzat" lan egiteko filosofiarekin. Behar kulturalak, sozialak eta ludikoak asetzea zen elkartearen zeregin nagusia. Horrez gain, auzotarrak elkartzeko gune izan behar zuen, eta, garaiko dokumentuen arabera, baita ehiztariak elkartzeko gune ere.

350.000 pezetaren truke

Elkartea non kokatuko zen erabakitzea zen hurrengo pausoa, eta Marrakua etxea erostearen alde egin zuten. Pedro Ezkurra zen erakinaren jabea eta momentu hartan familia bat zegoen bertan bizitzen. 350.000 pezetatan itxi zuten salerosketa tratua, eta, hori ordaintzeko, bazkide izango zirenek 2.500 pezeta jartzea adostu zuten.

Izena, aho batez

Elkarte berriari izena jartzeko orduan ez zen apenas eztabaidarik izan. "Garai hartan, On Joxe Maria Barandiaran eta bere lantaldea inguru honetan lanean ari ziren, indusketa arkeologikoak egiten. Bertan aurkitutako aztarnek nazioarteko ospea eman zieten Garagartzako kobei, eta, beraz, ez zen zaila izan Leze-txiki izena aukeratzea", azaldu du sortzaileetako batek.

Auzotarrentzat izen zaharra eta ezaguna izan arren, baimena eskatu zioten On Joxe Barandiarani. Baimena emateaz gain, behin baino gehiagotan bisitatu zuen elkartea Barandiaranek; izan ere, orduko auzoko apaiza bere iloba zen.

Txerri Hanka

Realzaleen talde hori elkarteko pareten berotasunetik sortu zen, 1995ean, eta aipagarria da auzoaren alde egin izan duten lana; Santa Agedako eta Gabonetako kantaldiak antolatzen, mendi irteerak proposatzen eta auzoko dantza eta futbol taldeak laguntzen, besteak beste.

Gaur egungo egoera

Elkartea osasuntsu dago gaur egun eta bazkide berrientzako plaza bakarra daukate libre.

"Momentu honetan, 107 bazkide gara: 99, kuota ordaintzen; eta zortzi, beterano. Gehienez, 100 bazkide egon daitezke kuota ordaintzen; beraz, egoera osasuntsuan gaudela esan daiteke. Azken hiru urteetan hamabost bazkide berri egin ditugu", azaldu du elkarteko presidenteak.

 

30 urterekin, berriztatze sakona

Argazkia: 1988ko martxoaren 19an berrinauguratu zuteneko familia-argazkia.

Mende erdiko ibilbidean, inflexio puntu bat izan zuen Leze-txikik 1988an berritu zutenean. 1986an eraikina berriztatzea proposatu zuten, eta, aurkako iritziak egon arren, bazkide gehienek begi onez ikusi zuten. Gaur egun, eraikinak hiru solairu ditu, baina ordura arte bi solairu zituen: behekoa, sukalde eta barrarekin, eta erdikoa, biltegi gisa.

"Biltegiko solairua oso egoera txarrean zegoen. Edozein momentutan jausteko bezala. Likore botilak solairuko izkina batean jartzen genituen, erdian jarriz gero zorua behera etorriko zen beldurra geneukalako", azaldu du elkarteko sortzaileetako batek.

Berritzea merkatzeko modurik onena auzolana zen. "Teilatua eraistea izan ezik, beste lan guztiak guk egin genituen. Teilatua profesionalek egin beharreko zerbait zen" azaldu du elkarteko presidenteak. Horrelakoetan, ohikoa izaten da bazkide batzuek besteek baino lan gehiago egitea. Horrek euren arteko tentsiorik ez sortzeko, ekarpenak ahalik eta orekatuenak izateko sistema bat adostu zuten. Oso sinplea zen: egindako auzolan ordu bakoitzeko 1.200 pezeta aitortzen zitzaizkion bazkideari, bere ekarpenetik deskontatzeko. 12 bazkidek aurka botatu arren, aldeko 27 boto izan zituen neurriak. 

Arazo batzuengatik, 1987ko apirilean hasi zuten berriztatzea, eta, lanak egin bitartean, Patxixenan kokatu zuten behin-behineko elkartea. "Bertara eraman genituen orduko mostradorea eta sukaldea, eta gaur egun ere bertan jarraitzen dute", azaldu du elkarteko presidenteak. Behin obrak amaituta, 1988ko martxoaren 19an berrinauguratu zuten Leze-txiki berritua.

Emakumeen rola, gutxika, hobera

Argazkia: Udalaitz musika taldeko kideak, elkartearen kanpoaldean

Emakumeen eta Leze-txiki elkartearen arteko harremana hobetzen joan da urteek aurrera egin ahala. Sorreran, emakumeek ordutegi mugatua zuten elkartera sartzeko, eta beti bazkide batek lagunduta egon behar zuten.

1970eko akta batean erreferentzia egin zioten emakumeek gizartean zuten rolari. Hainbat alorretan parte hartze handiagoa izan behar zutela esaten zen bertan, eta elkartera sartzeko ordutegia luzatu egin zieten, 00:00ak arte, eta auzoko jaietan 02:30ak arte. Orduz kanpo elkartean harrapatuz gero 25 pezetako isuna ordaindu behar zuten.

1998an eta 1999an, emakumeak bazkide izateko aukera jarri zuten mahai gainean, eta lehen bazkidea 2003. urtean sartu zen. Gaur egun, hamabi emakume dira Leze-txikiko bazkide

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak