"Inoizko gizarterik permisiboena da hau"

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 24a, 17:03

Prebentzio Sailak nerabeak dituzten gurasoentzat hiru hitzaldi antolatu ditu. Lehena asteazkenean egin zuen Idoia Apaolazak psikopedagogoak, 'Nerabeak, harremanak, motibazioa' izenekoa.

Gurasoek bizitako nerabezaroaren eta euren seme-alabek bizi dutenaren artean alde handiak daude. Beti izango da adin tarte gatazkatsu samarra, baina horri ahalik eta hobekien aurre egiteko hainbat gako eman zituen Apaolazak eguazteneko hitzaldian.

Noiz hasten eta bukatzen da nerabezaroa?

Nik 13 eta 19 urte artean kokatzen dut. Baina, adibidez, herri baten edo hiri baten bizitzeak adin tartea alda dezake. Hirietan nerabezaroa lehenago hasten da; 11 urterekin has daiteke.

Nerabezaroaren ezaugarrietako bat gurasoen eta seme-alaben arteko inkomunikazioa izan da beti. Gaur egun, sare sozialekin, hori areagotu egin da?

Ez da berdina nerabe izatea, duela 30 urte, duela 10 urte edo gaur egun. Orain, inoiz baino komunikatuago bizi garen arren, ez da kalitatezko edo konfiantzazko komunikaziorik.

Zein da gakoa komunikazio edo harreman hori hobetzeko?

Lehenik eta behin, gurasoen autokontrola aipatuko nuke. Nerabeak etengabean aritzen dira gurasoak desafiatzen, eta formak ez galtzea garrantzitsua da, gure partetik mezu ezkorrik ez helarazteko. Baina, nire ustez, garrantzitsuena negoziaketa da. Inposizioarekin jarrera negatiboak elikatzen dira, orokorrean.

Negoziatzea nerabeari heldutasun puntu bat aitortzeko modu bat da?

Nerabe izatearen pribilegioak erraz hartzen dituzte: jaietan beranduago heltzea, lagunekin kanpora joatea... baina ikastea edo etxeko gauzekin laguntzea bezalako ardurak, ez. Zentzu horretan, bi mutur horien arteko oreka lortzea ahalbidetu dezake negoziaketak.

Egia al da gaur egungo nerabeek inoiz baino errespetu gutxiago diotela autoritateari?

Inoizko gizarterik permisiboena da hau, eta zuk aipatu duzun hori irakasle askok diote. Ohikoa da, gero eta gehiago, gurasoek irakaslea desautorizatzea. Baina hori akats larria izan daiteke. Batez ere, irakaslea desautoritzatzeak guraso horren autoritatea ahuldu dezakeelako. Irakasleek eta gurasoek akatsak egin ditzakete, baina horiek kritikatzeko moduekin kontu handia izan behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak