Euskaraldiak Arrasaten izango dituen izaera eta ezaugarriak azaltzea. Hori da Geikek egin duen bideoaren helburua. Hala ere, ez hori bakarrik. "Ez dugu gura Euskaraldiak protagonismo guztia hartzerik. Geike bera ere ezagutarazi gura dugu herrian. Izan ere, egin ostean, Euskaraldia desagertu egingo da, baina guk lanean jarraituko dugu. 2019rako beste proiektu bat dugu esku artean”, azaldu du Geike bilguneko kide Iker Agirrek.
Arrasateko euskalgintzaren baitan, honako eragile hauek osatzen dute Geike bilgunea: Arrasate Euskaldun Dezagun (AED), Txatxilipurdi, Ekin, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK), Udala, Arizmendi Ikastola, Herri eskola, Institutua, Goiena, Mondragon Unibertsitatea (MU) eta Emunek.
Hain zuzen ere, eragile guztiek hartu dute parte bideoan: Euskaraldia hitzaren letra bana ordezkatu, eta esaldi bat osatu dute letra horrekin: Txatxilipurdik E letra hartu du eta esaldia honako hau da: Euskaldunak aktibatzeko; AEDk, U letra: Ulertzen dutenekin euskaraz jarduteko; Ekinek, S letra: Sareak sortu eta indartzeko; AEK-k, K letra: Kaletik erakundeetara; EHE-k, A letra: Ahaldundu eta boteretzeko; Udalak, R letra: Rolak iraultzeko; Emunek, A letra: Ahobizi eta Belarriprestak elkarrekin aritzeko; Herri Eskolak, L letra: Leku eta egoera guztietan; Arizmendik D letra: Denon artean erabilera areagotzeko; Institutuak, I letra: Inertziak astindu eta ohiturak aldatzeko; Goienak, A letra: Auzo, herri eta hirietan.
300 herri inguru
Dagoeneko zazpi probintzietako 300 herri inguruk eman dute izena Euskaraldian, eta Arrasate horietako bat da. Donostiako Egia auzoan eta Lasarten esperimentu gisa erabili zuten hamaika eguneko konpromiso hori, eta ondorioztatu zuten erabilera asko handitu zela bietan. Arrasaten ere hala izatea gura du Geike bilguneak, eta, bideoaren bitartez, konpromisoa hartu eta Euskaraldian parte hartzera gonbidatu gura izan ditu arrasatear guztiak.