EAJ eta EH Bildu ados jarri dira herrian ikurrina handi bat jartzeko

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 10a, 16:42

Espainiar bandera legeak behartuta jarri izanaren eraginez dator ekimen hau. EH Bilduk bi proposamen egin zituen horren harira martxoan; ikurrina erraldoi bat, edo plaka bat. EAJk bat egin du horrekin, eta parte hartze prozesu bat egitea proposatu dute, lau lekuren artean herritarren gustukoena aukeratzeko.

Lau kokalekuak hauek lirateke: Herriko Plaza, Biteri plaza, Seber Altube plaza eta Jose Maria Arizmendiarrieta plaza.

Parte hartze prozesua noiz eta nola egingo den ez dute zehaztu, eta gainontzeko alderdiak ez dira gaiaren inguruan posizionatu oraindik.

Arrasateko EAJk ohar bidez jakinarazi du akordio printzipio honen berri. Hona oharra bere osotasunean:

"Ikurriña bada ere, euskaldunon nortasunaren, aberriaren eta historiaren adierazle nagusia, Arrasaten, ikurriña ez eta espainiar bandera da udaletxeko balkoian zintzilik dagoen bandera. Eta ez udal ordezkariek nahi izanda ez. Ezta gutxiagorik ere. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. epaitegiak igorritako sententziak inposatuta dago bertan, eta horren arabera, bandera kenduz gero, herriko ordezkari nagusiaren gain eroriko litzateke erantzukizun guztia.

Gaiak eta bandera bertatik kentzeko lehiak luze jo du gainera. Aurreko legealditik hasita, gaur arte, bide guztiak jorratu ditu Udalak, baita noski, EAJren udal gobernuak ere, bandera hori udaletxeko fatxadatik kentzeko, baina azkenean inposatzean oinarritutako sententziarekin itxitzat eman du gaia epaitegiak, hau da, ezin dira errekurtso gehiago aurkeztu eta sententzia irmoa da.

Egoera horren aurrean, EH BILDU koalizioak bandera hori jartzea inposatu izana salatzeko bi ekimen proposatu zituen: herriko erdigunean ikurrin bat jartzea batetik eta udaletxean, halaber, inposaketa hori salatzeko plaka bat jartzea bestetik.

Ildo horretan, EH Bilduren proposamenarekin bat egiteaz gain, Arrasateko EAJ-PNVk ikurrinaren kokalekua parte hartze prozesu bitartez erabakitzea planteatu du. Horretarako, arrasatearren parte hartzea sustatzeaz gain, herriko lau gune esanguratsu proposatu dituzte ikurriñaren kokaleku gisa: herriko plaza, Biteri plaza, Sebero Altube eta Jose Maria Arzimendiarrietaren plaza, hain zuzen. Horien artean, herritarrek gustukoena bozkatu eta ikurriña boto gehien jasotzen dituen gunean kokatzea planteatu dute jeltzaleek.
Udaletxean jarriko litzatekeen plakaren testuari dagokionean, halaber, EH bilduk egin duen proposamena babestu du EAJk. Mezua hau izango litzateke: Hona hemen ikurriña, udaletxeko bandera espainiarra ez bezala, herritar gehiengo zabal baten borondatez jarria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak