Umore onaren erreinu, parrandaren erdigune

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 10a, 13:34

San Isidro martitzenean izango den arren, Zigorrolako bizilagunak festa gosez dira eta asteburu honetan egingo dituzte auzoko jaiak. Aurten ere, jaietako kartelak astoa eta dragoia ditu oinarrian, baina keinu berezia egin dio erretiratuek bizi duten egoerari.

Astoa ikur nagusitzat duen Zigorrola auzoa Arrasateko parrandaren epizentro bilakatuko da bihartik domekara bitartean.

Joan den astean aurkeztu zuten jaietako kartela eta egitaraua, eta jai batzordekoek ez dute atsedenik hartu alaitasunaren eta umore onaren erreinuko festetan dena prest egon dadin.

"Jai batzordean, urtarrilean hasten gara festetako egitaraua lotzen. Baina ozen esan beharra dago batzordeko kide ez izan arren jende asko inplikatzen dela Zigorrolako jaiak aurrera eramateko. BTTko batzordean, adibidez, hamar kide inguru gaude, baina lasterketa egunean ia 100 pertsona aritzen gara lanean", azaldu du jai batzordeak.

Bi auzotar gogoan

Jaietako egitarauan, aurten zendu diren bi pertsona jarri dituzte azalean, hein handi batean, Zigorrolako jaietan haien hutsunea nabarituko dutelako. "Iñaki Etxeberriak eta Anjel Bediak agur esan digute aurten. Lehena, jada auzoan ez bizi arren, lehen mailako musakolar bat zen. Beti aritzen zen jaietan astoarekin gora eta behera. Bedia ere saltsa guztietako perrexila zen, eta jaietan ohikoa izaten zen hura esatari lanetan ikustea, mikrofonoa eskuan zuela. Pertsona jatorrak eta alaiak ziren, beti laguntzeko prest dauden horietakoak, eta eurei aitortza xume bat egin nahi izan diegu".

Asteburua aukeratzeko araua

San Isidro da auzoko jaien patroia, eta aurtengoa martitzenean ospatuko da. Hala ere, jai batzordekoek urrezko arau bat ezarrita daukate, aspalditik, jaiak zein asteburutan ospatu behar diren erabakitzeko. "San Isidro eguna egubakoitzetik domekara bitartean jausten bada, ez dago zalantzarik; astean zehar denean, berriz, arau hau jarraitzen dugu: astelehen, martitzen edo eguaztena bada, aurreko asteburuan; eta eguena bada, hurrengoan".

Kartela, keinuekin

Urtero legez, astoaren eta dragoiaren arteko lehia islatzen du jaietako kartelak. Aurtengoan, baina, pil-pilean dagoen gai bati egin diote erreferentzia. "Erretiratuen gaia oso presente dago, eta euren aldarrikapenei tartea egin nahi izan diegu. Hala ere, bigarren irakurketa bat ere izan dezake kartelak, baina horretarako jai batzordearen agurra irakurri behar da".

Aurtengo urrezko astakiloaren izena ez dute aipatu nahi izan, baina pista bat eman dute: "Auzoaren alde lan itzela egin duen talde batek jasoko du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak