Galde eta eskeetan oinarrituta

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 8a, 18:45
Irudia: Karmele Loiti etxez-etxeko langileen egoera azaltzen.

Maiatzeko osoko bilkuran ez zegoen gairik ez moziorik aurreikusita, baina galde eta eskeen txandan bi interbentzio egon dira; etxez-etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileena, eta Gorka Gonzalez herritarrak ingurugiro arazo bati buruz egin duena.

Karmele Loitik hartu du hitza, langile hauek bizi duten egoera azaltzeko. Etxez-etxeko laguntzarena udal zerbitzu bat izan arren, azpikontratatua eskaintzen da Arrasaten. UTE CLECE enpresarentzat egiten dute lan, eta salatzen dutenez lanaldi partzialak dituzte, eta lan egindako orduen arabera jasotzen dute soldata. Horrez gain, langile askok 10 urte baino gehiago daramatzate lanean, baina ez dute lanpostu finkorik; lan aldi baterakoak, baizik.

Momentu honetan lan baldintzak hobetzeko negoziazio prozesuan daude UTE CLECE enpresarekin, eta Udal gobernuari eskatu diote "beste alde batera ez begiratzeko".

EAJko Udal taldeko bozeramaile den Anuska Ezkurrak azaldu du, aurretik batzartu izan direla langileekin eta baita enpresarekin ere. Zerbitzu honen esleipena uztailean agortuko da eta Ezkurrak esan duenez, esleipen berriko lizitazio prezioa %35 handituko dute "horrek langileen egoera hobetu dezan". "Konpromisoa hartzen dugu esleipen berria egiterakoan zuen interesak defendatzeko".

Irudia: Anuska Ezkurra eta Eneko Barberena azalpenak ematen.

EH Bilduko Eneko Barberenak ere hitza hartu du. Biztanleria gero eta zaharragoa den heinean zerbitzu hau "gero eta garrantzitsuagoa" izango dela adierazi du. "Etorkizunean izango dugu tartea zerbitzua hau udalekotzeaz hitz egiteko; gaur egun prekarioa delako, eta oso feminizatuta dagoelako".

Gorka Gonzalez

Herritar honek ingurugiroarekin lotutako arazo bat ekarri du udalbatzara; Fagor Ederlan enpresak Uribarri auzoan duen egoitzan atmosferara egiten dituen isurketak. Hiru kexa nagusi zituen; emisio foku batzuk deklaratu gabe daudela, egiten diren emisio batzuek ez dituztela pleguetako parametroak betetzen eta emisio kopurua gainditu egiten dela.

Irudia: Gorka Gonzalez zinegotzien aurrean hitz egiten.

Anuska Ezkurrak esan du bere kexa apirilaren 19an helarazi ziotela gai honetan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. "Jaurlaritzak bi hilabeteko epea du erantzuteko, eta horren berri jakin bezain pronto jakinaren gainean jarriko zaitugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak