ARTE taldearen hirugarren erakusketa izango da aurtengoa. 2003an egin zuten lehena, Harresi aretoan, eta 2008an bigarrena, Kulturaten. 10 urte geroago, hirugarrena zabalduko dute, eta azken hamar urte hauetan landutako taila erakutsiko dute Egurraren lilura erakusketaren bitartez.
Erakusketaren talde izaera nabarmendu gura izan dute. "Oso lan onak daude, eta, era berean, horren onak ez direnak ere bai. Baina gure lanak dira eta gutako bakoitza oso harro dago norbere lanarekin", azaldu du Jose Mari Etxabe Txosa-k, elkarteko kideak. Izan ere, taldean denetik dago, tailuntzan duela bizpahiru urte hasitakoak, eta urte askoan taila egiten dihardutenak.
Imanol Barrentxea-Arando elkarteko kidearen esanetan, erakusketaren helburua hauxe da: "Arrasateko herriari erakustea zer egiten dugun elkartean, ze maila daukagun eta jendea animatu dadin gure elkartera hurbildu eta tailuntza mundua barrutik ezagutzera. Ondoren, gustatuz gero, ateak zabalik ditugu edonorentzat. Ea tailuntza Arrasaten luzaroan mantentzerik dugun”, adierazi du. Izan ere, kideen %80 erretirodunak dira, eta jende gaztearen beharra dagoela nabarmendu dute.
Bestalde, emakume kopuruak ere kezka puntu bat sorrarazten diela diote. Emakume bakarra da bazkide gaur egun. "Gu ere harritu egiten gaitu horrek. Nahiago genuke guk ere emakume gehiago animatuko balira. Hemen ateak zabalik ditugu guztiontzat”, onartu du Barrenetxea-Arandok.
Lehenengoz, izena
Aurreko bi alditan ez bezala, aurten izena jarri diote erakusketari: Egurraren lilura. "Egurra beti ikusten dugu altzarietan, hormetan edota zuhaitzetan. Gu harago goaz, eta beste lilura bat ematen diogu egurrari. Azken finean, lilura egurrean dago. Egin behar den bakarra da soberan dagoena kendu", dio Barrenetxea-Arandok.
48 bazkide elkartean
ARTE elkartea 1982.urtean sortu zena, zurezko taila landu, sustatu eta zabaltzeko asmoarekin. Urtero formakuntza ikastaroak antolatzen dituzte, hastapenekoak –udazkenean– eta hobetzekoak –neguan–. Gaur egun, 48 bazkide ditu, eta landutako tailuak ere izan du eboluziorik. "Aniztasunean irabazi dugu. Euskal taila, taila geometrikoa, eguneroko lan tresnak, erliebeak, eskultura tradizionalak, eta abar lantzen ditugu ARTEn".