Emakumeen ahotik, herriko historiaren pasarte batzuren gainbegiratua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko api. 29a, 19:10

Garai bateko Arrasateko Emakume Asanbladako kideek gidatuta, eta erdiguneko bost toki esanguratsutan geldituta, –Seber Altube plaza, Arbolapeta, Herriko Plaza, Zerrajera gunea eta Ferrerias kalea–  egin dute AGAKOren urteurrenaren egitarauaren barruan Pottogorriak taldeak proposatutako Tour Feminista.

Orain dela bost urte, Emakume Txokoaren hamargarren urteurrena aitzakia hartuta, egin zuten ibilbidea gogoan hartuta proposatu zieten Pottogorriak taldekoek garai baten Arrasateko Emakume Asanbladako kideei herrian antzerako ibilbide bat egitea; helburua, emakumeen bizi denborak identifikatzea eta esparru eragile batzuk aztertzea.

Bost geldiune, hainbat istorio

Proposamena onartu, eta gaur, domeka eguerdirako finkatu zuten hitzordua Seber Altube plazan, 12:00etan. Portaloian dagoen Arano eta Garcia maisu maistrak plakari arreta jarrita hasi da Julia Monje lehenengo azalpenak ematen. "Teresa Garcia eta Felix Arano Biteri ikastetxeko irakasleak izan ziren, garai hartako hezkuntza ereduarekin talka egiten zuen hezkuntza eredua aldarrikatu eta eskaintzen zuten. Lan handia egin zuten biek ala biek, baina, beste askotan moduan, Aranoren izena, gizonarena bakarrik, dago jasota historia liburu gehienetan", dio Monjek.

Handik Arbolapetarako bidea hartu dute, Sanbamaña batukadaren doinuekin lagunduta. Rosa Urtzelaik hitza hartu, eta garai baten handik gertu zeuden Zarugaldeko eta Olarteko garbitokien inguruan jardun du. "Emakumeentzako bakarrik zen eremu hori. Lan gogorra zen, baina, era berean, emakumeak elkartu eta elkarrekin askotariko gaiei buruz berba egiteko toki aproposak ziren garbitoki horiek".

Herriko Plazarako bidea hartuta, Esther Mendiaratxek 1985ean Arrasateko Emakume Asanbladak Udaletxean egin zuten itxialdia gogora ekarri duela kontatu du Monjek: "Familia-Plangintzako Zentroa sortzeko eskera egin genien garaiko Udaleko ordezkariei. Alderdi politikoekin batzartu ginen eta Osoko Bilkurara joan ginen gero aurkeztu genuen eskaera defendatzera. Bilera hartan ez zuten onartu, eta aretotik ez ginela aterako esan genien udal ordezkariei alkatearekin batzartzeko hitzordu bat ematen ez baziguten. Lo sakoak atera eta bertan geratzeko asmoa erakutsi genien, eta hantxe egon ginen hainbat orduz; Herriko Plazan lagun asko zeuden guri lagundu eta elkartasuna adierazten. Azkenean, Ertzaintza etorri eta aretorik bota gintuzten".

Garai bateko Zerrajera eraikinera hurbilduta egin dute laugarren geldialdia. "Zerrajerari Ama deitzen zitzaion arren, kontatu diet, bertan lanean zeuden emakumeek ez zutela gizonezkoek zuten besteko soldatarik eta eskubiderik. Gerra garaian lana gutxitu zenean, emakumezkoak izan ziren kaleratu zituzten gehiengo langileak; eta horrez gainera, alargunek apenas jasotzen zuten laguntzarik. Lan kontuez gainera, 1948an inauguratu zuten igerikuan eta aisialdi-gunean emakumeek sartzeko aukerarik ez genuela ere kontatu diet".

Handik gero San Juan auzora joan dira, garai bateko Arrasateko Emakumeen Asanbladak zuen egoitzara, eta han Arrate Landak elkartearen historia eta egindako lanak azaldu dizkie bisitariei.

Ibilbidea amaitzeko, Ferrerias kaleraino hurbildu eta mokadutxoa egin dute elkarrekin. "Oso gustura jardun dugu. Guretako garrantzitsua da belaunaldien arteko transmisioa eta horrelako ekitaldiek horretarako bidea ematen dute. Garai baten gu lau katu arraro ginen, eta pozgarria da, gaur egun, gizartean, orokorrean, eta baita gure herrian ere, emakumeen eskubideen alde lan egiteko dagoen jendea eta indarra ikustea", azaldu du gaurko Tour Feministako gidariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak