Bi elkarteetako kideek, kopuru hori erreklamatzen diote Mondagoni, Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibekin izenpetuta zituzten borondatezko ekarpen, merkataritzako mailegu eta partaidetza bereziengatik. Haiek demostratu beharko dute, Mondragonek "engainatu" egin zituela, eta hain zuzen ere hori dela,"egindako ekarpen ekonomikoa erretiratu ez izanaren arrazoia".
Demandatzaileek aurrez aurre izango dute Mondragon. Hark, egozten zaion horren erantzukizunik ez duela demostratu beharko du. Mondragonek argi du "bazkideek ezagutzen zituztela Fagor Etxetresnen eta Edesaren egoera eta inbertsioaren arriskuak, kooperatibako bazkide ziren heinean".
Ordainduko eta Eskuratuko kideak urduri baina gogotsu daude "luze" doan prozesu baten epaiketa hasteko atarian dagoelako. Haien ustez, badituzte "irabazteko aukerak" eta testiguei eskatu diete, "esan dezatela egia". Mondragonek ere, bestalde, gogor ikusten du bere burua eta argi du demanda, gainerako "kooperatiben eta bazkideen aurka" doala. Diote, Mondragon ez dela "enpresa holding bat, non enpresa nagusiak kooperatiba guztien gaineko kontrola egiten duen". Aldiz Ordainduk eta Eskuratuk demandan diote, “Mondragon holding kapitalista” bat dela “zuzendaritzak kide dituen enpresen erabakietan parte hartzeko gaitasun handia duena”.
Bestalde, Mondragonentzat garrantzia handia du, Donostiako Merkataritza Epaitegiak konkurtsoa ezustekotzat eman izana. Eta nabarmendu dute, Pedro Jose Malagon administrazio epaileak ebatzi zuela Fagor Etxetresnak eta Edesak ez ziotela informazio finantzariorik ezkutatu inolako hartzekoduni, eta are gutxiago bazkideei.
Maiatzaren 7an hasi eta 10ean bukatuko da epaiketa. Tarte horretan, Fagor Etxetresnetako, Edesako eta Mondragon Taldeko arduradun izan diren hainbatek deklaratuko dute. Hamaika lagun deitu ditu epaileak deklaratzera. Hilaren 10ean ondorioak aurkeztuko dira eta epaia emateko prest geldituko da.