Eserleku guztiak beteta eta ikusle batzuk ere zutik zirela eskaini zuten Arrasate Musikalekoek ordubeteko emanaldia. "Zubia tarteko, asteburu berezia da eta espero genuena baino jende gehiago bildu zen elizan; eta asko eskertu genuen, izan ere, Elizan egin genuen entseguarekin ez ginen oso gustura geratu, jende barik, galdu egiten ziren eta doinuak, baina jendez beteta, akustika ikaragarria du elizak", dio Aiastuik.
Iragarri moduan, askotariko filmendako soinu bandak sortu dituen Fernando Velazquezen hiru obra jo eskaini zituzten, eta, hain justu, El Hombre Esponja izeneko film laburrerako egindakoarekin zabaldu zuten emanaldia. Alejandro Roman Madrileko konpositorearen Acuarelas de Irlanda pieza eskaini zuten segidan, Roman konpositorea ere publiko artean zegoela: "Orkestrako zuzendari Iker Olazabalen irakaslea da Roman, eta kontzertura etortzeko gonbidapena egin genion. Asko gustatu zitzaion, horren orkestra gaztea izanda, bere nahiak gainditu genituela esan zigun, berak sortutako pieza handitu egin genuela. Gurekin afaltzera etorri zen gero", gaineratu du Aiastuik.
Errepertorioa motz, ikusleentzako
Velazquezen El Guardian invisible eta Lo imposible filmetako soinu bandak jo zituzten segidan; azken horretan biolontxeloak pisu handia du, eta halaxe izan zuen atzoko emanaldian ere, Igor Egidon txelo-jole bakarlariaren eskutik.
Amaitzeko Arturo Marquezen doinu mexikarrak eskaini zituzten. "Sentimendu handiko piezak ziren atzoko guztiak, eta azken hori erritmikoena. Asmatu genuela esango nuke aukeratutako piezekin, baina, azkenekoa jo ondoren, entzuleek gehiago gura zutela adierazi zuten, hortaz, aurrez jotako bi piezen zatitxo bana jo genuen berriz ere".
Laster, Zarzuelarako prestatzen
50 lagun izan ziren agertokian, atzo, gaur egungo ikasleak eta irakasleak, garai bateko ikasleak eta Juanito Artzamendiren orkestraren garaiko musikariak ere tartean zirela. Atzokoak eginda, azaroan Izaskun Murgia Elkarte Lirikoarekin batera eskainiko duten zarzuela prestatzen hasiko dira.