Arrasateko Emakumeen Mundu Martxako plataformak deitutako elkarretaratzean herritar dezente batu da. "Eraso berri hau bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ondorio zuzena da, non indarkeria sexista eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik", esan dute prentsa-ohar bidez.
Indarkeria matxista "guztion" arazoa dela gaineratu dute: "Nazkatuak gaude erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexistari aurre egiteko lehen maila arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu".
Udal Gobernuaren gaitsezpena
Gasteizeko hilketa bikoitzaren aurreran, Udalean ordezkatuta dauden alderdi politikoek adierazpen bateratua egin dute. "Arrasateko Udalak irmoki gaitzesten ditu erailketak eta emakumeen aurkako edozein eraso eta era berean herritar guztiei eskatu nahi die salatu ditzatela emakumeen kontrako eraso guztiak".
Beste herrietan
Hilketak gertatu ziren unetik asko izan dira egindako ekintzak eta elkarretaratzeak. Bailaran beste hainbat egin dira: Aretxabaletan, Eskoriatzan, Bergaran eta Oñatin ere kalera irten dira.
Espetxean
Bestalde, atzo arratsaldean sartu zuten Langraitzeko espetxean bere emazte ohia eta haren ama hiltzeaz akusatuta dagoen arrasatearra. Txagorritxu ospitalean alta jaso ostean, epailearen aurrean deklaratu zuen. Ostean, kartzelara eraman zuten.