Gasteizen bikotekide ohia eta haren ama erail dituen gizonezkoa arrasatearra da

Xabi Gorostidi 2018ko api. 20a, 22:38

69 urteko emakumea eta 43 urteko alaba dira hildakoak. Ertzaintzak 46 urteko gizonezko bat atxilotu du, arrasatearra bera, etxebizitzari su eman ostean leihotik salto egin duenean. 43 urteko emakumearen bikotekide ohia zela adierazi dute hainbat iturrik. Gertatutakoa gaitzesteko elkarretaratzeak deitu dituzte Debagoienean ere.

Lakua auzoko Julian Arrese kaleko 6. zenbakian gertatu da, 11:30ak aldera. Liskar baten berri eman dute bizilagunek eta orduan bertaratu dira Ertzaintza eta suhiltzaileak. Segurtasun Sailetik emandako informazioaren arabera gizonak, antza, lepoa moztu dio bikotekide ohiari eta berehala hil da. Ama Txagorritxu ospitalerako bidean hil da.

Ertzaintzak atxilotu egin du gizonezkoa su emandako zortzigarren pisuko etxebizitzatik suhiltzaileek ipinitako lona batera salto egin duenean. Ospitalean dago larri zaurituta.

Elkarretaratzeak Debagoienean ere

Bi emakumeen hilketa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizen. Debagoienean ere hainbat deialdi daude eginda.

Bihar, zapatua, Aretxabaletako herriko plazan elkartzeko dei egin du Udalak. 12:00etan izango da elkarretaratzea Aski da! Erailketa matxistarik ez! lelopean.

Arrasaten, Bergaran eta Oñatin astelehen iluntzerako egin dute deialdia. Arrasaten, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta Eraso sexistarik ez! lelopean egingo dute kontzentrazioa, 20:00etan, herriko plazan. Bergaran ere plazan elkartuko dira, baina 19:00etan. Oñatin 18:30erako egin dute deialdia. Elkarretaratzea plazan egingo dute Aski da! Ni una menos! lelopean.

Gogoratu tratu txarrak jaso edo kasuren bat ezagutzen baduzu 900 840 111 telefono zenbakia dagoela eskura Euskadin edo 016 zenbakia Estatuan. Doakoak dira eta ez dute fakturan arrastorik uzten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak