Ane Zabala: "Oilo-ipurdiarekin iritsi nintzen helmugara"

Eneko Azurmendi 2018ko api. 20a, 10:58

Ane Zabala arrasatearrak irabazi du Arrasate-Udalatx mendi lasterketaren laugarren edizioa. Belauneko lesio batetik irten berri zegoen arren, parte hartzea erabaki zuen, eta ez da damutuko erabaki hori hartu izanaz. Aitortu du, jendetza artean, "emozioz gainezka eta ileak tentetuta" iritsi zela helmugara. Domekan 45 urte beteko ditu.

Zer sentitzen du arrasatear batek Arrasate-Udalatx irabazita?

Oso polita eta hunkigarria izan zen Arbolapetara iritsi eta jendetzaren artean azken metroak egitea. Oilo-ipurdia jarri zitzaidan eta bihotza irten beharrean nuela iritsi nintzen helmugara.

Jendez lepo zeuden bazter guztiak.

Hala da. Mendian jende asko zegoen, eta kalean, zer esanik ez. Eskertzekoa da hori. Pena ematen dizu horrenbeste jenderen artean ez konturatzeak zeintzuk dauden non. Ezagun asko ikusi nituen, baina beste asko ez. Horrez gain, badago jendea urtero leku berean dagoena, eta badakizu hor egongo direla. Hori ere oso sentsazio polita da.

Antolakuntza ere bikain, beste behin.

Bai, plazera da halako lasterketetan korrika egitea, txalogarria benetan. Oso ondo antolatutako lasterketa da, bidegurutze guztietan jende pila bat dago, anoa-guneetan denetarik dago, beti adi daude zerbait behar baduzu... Chapeau!

Ainhoa Lendinezekin lehia estua eduki zenuen lasterketan.

Bai. Udalatxeko puntara heltzear nengoela aurreratu egin ninduen, eta Besaideraino hura joan zen aurretik. Besaideko azken aldapan berriz elkartu ginen, eta hortik aurrera abantaila hartzen joan nintzen, helmugaraino.

Jaitsieran, gainera, ez omen zara oso ondo moldatzen.

Egia esan, ez. Udalatxeko tontorrean aurreratu ninduenean, garbi nuen ez nintzela haren atzetik joan behar. Gainera, belauna ez neukan oso ondo eta ez nuen arriskatu nahi. Besaidera iristean, ikusten nuen gaitasuna neukala erritmoari eusteko, eta, erritmoa aldatu gabe, distantzia ateratzea lortu nuen.

Ibilbidea ezagutzeak ere abantaila emango zizun, ezta?

Bai. Horrek asko laguntzen du, badakizulako noiz estutu eta noiz mantendu erritmoa. Hala ere, hilabete geldi egon ostean, ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen.

Hilabete geldi egon zara. Izan ere, belauneko lesio batetik zatoz. Zer eduki duzu, zehazki?

Martxo hasieran, mendian korrika nenbilela, erori egin nintzen eta belauna zabaldu nuen. Zauriaz gain, hezurren arteko kartilagoan ere min hartu nuen. Aste Santuan, oraindik medikuaren baimenik ez nuela, probatzen hasi nintzen. Goranzkoan ez zidan minik ematen, baina beheranzkoan molestatu egiten zidan. Hala ere, lasterketan parte hartzea erabaki nuen, eta ezin hobeto atera zait jokaldia.

Lehenengo hiru edizioetan parte hartu ostean, ezin laugarrenean hutsik egin.

Hori da. Behintzat, parte hartu eta bukatu egin nahi nuen. Hala, egubakoitzean, laguna dudan fisioterapeuta batek masaje bat eman zidan eta belauna babesteko zinta batzuk jarri zizkidan.

Domekan, Aloñako igoera. Parte hartuko duzu?

Ez. Gauza polita izango litzateke, baina domekan 45 urte beteko ditut, eta familiarekin ospatu gura dut. Mendira joango gara, bai, baina plana guztiz ezberdina izango da.

Argi dago mendia gustuko duzula.

Bai, eta lagunekin egindako irteerak gustatzen zaizkit gehien, nahiz eta lasterketak ere gustuko ditudan. Egunerokoan asko disfrutatzen dut, eta korrikaz gain, bizikletan ibiltzea edo igeri egitea ere asko gustatzen zait.

Datorren urtean bost urte beteko ditu Arrasate-Udalatxek. Korrika ikusiko zaitugu?

Espero dut baietz. Eta aprobetxatzen dut emakume guztiak lasterketa zoragarri honetan parte hartzera animatzeko, aurten ez gara-eta asko izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak