Solasaldiak eta tailerrak, Alternatiben Azokan

Iker Oñate 2018ko api. 19a, 17:02

Egubakoitzean hasiko da Alternatiben Azoka. Askotariko ekintzak antolatu dituzte egitasmoaren bultzatzaileek; hausnarketarako eta solaserako tartea izango da, besteak beste. Eta zapatuan egingo dute azoka: hainbat salmenta-gune izango dira Seber Altube plazan.

AGAKOk 27 urte egin dituela ospatu guran, ekintza sortan murgildurik dihardute Arrasateko gaztetxekoek apirilean; eta bertako hainbat kidek Alternatiben Azoka izenekoa antolatu dute. "Kapitalismoaren egiturazko krisian gauden honetan, gure aletxoa jarri gura dugu bizitzari bizkarra ematen dion sistema desegiteko", azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek. Helburu horrekin, hain zuzen, hainbat ekintza izango dira asteburuan: osasunari buruzko mahai ingurua, kontrainformazioren inguruko solasaldia eta Teoriatik praktikara tailerra, besteak beste.

Hala, egubakoitzean ekingo diote Alternatiben Azokari, osasunaz jardungo duen mahai-inguruarekin; 19:00etan hasiko da saioa, gaztetxean bertan. Zehatz esanda, Euskal Herriko Bilgune Feministako ordezkari bat eta Gatazka Kolektiboa taldeko kide Aitor Aspuru izango dira hizlariak; Drogas, capitalismo y movimientos radicales liburua idatzi du hark. Eta osasunaren alorrari loturiko zenbait gai jorratuko dituzte: "Gure osasunaren kontrola galdua dugula ikusaraziko digute hizlariek. Eta, horren kontra, galdua dugun autonomia berreskuratzeko gakoak eskainiko dizkigute".

Azoka eguna, zapatuan

Bestetik, azoka eguna izango dute zapatukoa. Hain zuzen ere, DDT Banaketak, La Gallina Vasca, Ekintza Zuzena, Musika Zuzenean eta halakoen salmenta-postuak izango dira goizean zehar Seber Altube plazan.

Baina zapatukoa ez da salmenta egun soila izango; solaserako tartea ere izango da. Besteak beste, kontrainformazioaren inguruko mahai ingurua egingo dute Kulturateko areto nagusian, 11:30ean hasita. Argia, El SaltoHordago, Klitto eta Hala Bedi komunikabideak izango dira saioko protagonista. "Hedabideek eraikitzen dituzten egiak deseraikitzeaz, indar metaketaz eta kontrainformazioaren mugez jardungo dute, besteak beste", argitu dute egitasmoaren bultzatzaileek.

Eta, horretan geratu barik, Teoriatik praktikara izeneko tailerra egingo dute arratsaldean, 17:00etan hasita, Kulturateko areto nagusian. Bertan, euren egitasmoen berri emango dute Goiener, Setem, Nortlan, Fiare eta Izarkom taldeek; nork bere alorrean dihardu. Hitzorduan "modu aktiboan" parte hartzera deitu dituzte herritarrak antolatzaileek: "Goiener energia kooperatibarekin, Izarkom telekomunikazio operadorearekin eta Nortland aseguru, aholkularitza eta finantza kudeaketarako etxearekin kontratua egiteko aukera egongo da". Horrez gainera, zergen bidez gastu militarrak ordaintzea "galarazteko" gakoak eskainiko ditu Setem kolektibo antimilitaristak; eta soldata helbideratzen irakatsiko du Fiare bankuak.

Egunari bukaera emanez, bestetik, Xustin bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da –20:00etan hasiko da saioa–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak