Hileko hirugarren zapatuan egin ohi den baserritarren azokak aparteko hainbat postu izango ditu asteburuan. Baratze ekologikoen eta balkoiko ortuen inguruan galdetzeko aukera izango da, esaterako. Horrez gainera, sasoiko lore eta landare apaingarrien merkatu txikia ere jarriko dute; Kimu Bat, Udalatx eta Urtiena taldeek esku hartuko dute bertan. "Merkatua bera girotzen laguntzen dute halakoek", azaldu du Nerea Lazpiurrek, Garapen Iraunkorreko teknikariak.
Gainerakoan, betiko bidean izango da baserritarren azoka: ogia, gazta, baserritarrek hazitako sasoiko produktuak, haragi ekologikoak, kontserbako arraina eta halakoak erosteko aukera izango da Seber Altube plazan, 09:00etatik 14:00etara bitartean. "Gorabeherak gorabehera, hamabi edo hamahiru salmenta postu egongo dira", argitu du Lazpiurrek.
Furgobaratzaren aholkuak
Esan moduan, biharkoan –zapatua– izango da ohiko salmenta postuez apartekorik. Besteak beste, Furgobaratza aholkularitza gunea jarriko du Kutxa Ekoguneak, 10:00etatik 13:00etara bitartean; horretan, nekazaritza ekologikoaren bueltako aholkuak emango dituzte baratzeetan –eta, oro har, nekazaritzan– aditu direnek. "Gero eta jende gehiago dabil nekazaritza ekologikoaren munduan. Horien zalantzak argitzea da gure zeregina", azaldu dute Ekogunekoek.
Balkoiko ortua
Bestetik, balkoian ortua jarri gura dutenendako tailerra antolatu dute: Ortu bat nire balkoian. Anjel Azpillagak azalduko ditu horri buruzkoak, 11:00etatik 13:00etara bitartean –ez dago aurrez izena eman beharrik–. Besteak beste, balkoian ortua jartzeko eta horren zaintzarako baliagarri diren azalpenak emango ditu Azpillagak, teoria soilean geratu barik. "Alor asko landuko ditugu tailerrean. Ontzietako substratua zela egin azalduko dut, tartean; eta, teorian geratu barik, norberak berea egingo du, etxera eroateko. Ureztatzeari loturiko hainbat trikimailu ere jakinaraziko ditut", argitu du Azpillagak.
Eta, horrekin batera, balkoiko ortuaren abantailak azpimarratu ditu: "Balio asko daroatza soinean. Eta badakigu zer jaten dugun, geuk hazitakoa delako. Gainera, seme-alabek asko gozatu ohi dute halakoekin. Horretan geratu barik, euren jan ohiturak aldarazteko ere balio dezake, eurek hazitakoa jan gura izaten baitute sarri. Barazkiak jango dituzte, beraz".