Pentsiodunen eta erretiratuen eskaerak Espainiako gobernuari helarazi dizkio Arrasateko Udalak

Mirari Altube Arrese 2018ko mar. 27a, 16:45

Martxoaren 6ko osoko bilkuran "hartutako konpromisoa betez" pentsiodunen eta erretiratuen eskaerak aurkeztu ditu Espainiako gobernuaren aurrean eta Gizarte Segurantzako ministerioan. Era berean, "elkartasuna, laguntza eta babesa" adierazi die Udalak pentsiodunei eta haien "interesen alde lanean" jarraituko duela gaineratu.

Azken hilabeteotan ehunka erretiratuk eta pentsiodunek euren eskubideak eta bereziki pentsio duinak aldarrikatzeko agerraldiak egin dituzte, eta arrasatearrek ere bat egin dute horiekin. Hala, joan den martxoaren 6an udalbatzak egindako osoko bilkuran hartu zuten parte. Udalbatzak aho batez onartu zuen pentsioen gaineko mozioa, eta gainera, Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak aurkeztutako eskariak Espainiako gobernura eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministeriora helarazteko konpromisoa hartu zuen. "Ildo horretatik, emandako hitza beteaz, dagoeneko igorri dizkio Udalak aipatutako erakundeei elkartearen eskariak, guztiak osoko bilkuran babestu eta onartuak, gainera. Horien artean pentsioen ordaina urteko KPIaren arabera handitzea, alarguntza pentsioak igotzea eta LPEZaren baliogabetzea eta itzulketa erreklamatu dituzte pentsiodunek eta Arrasateko Udalak".

Eskaera horien guztien bitartez, pentsioen egoera "larri bezain kezkagarria" salatu dute, eta egungo egoerari irtenbidea emateko helburuz, "pentsioak berehala lehengoratzea exijitu" diote gobernuari eta Enplegu zein Gizarte Segurantzako ministerioari.

Udalak, era berean, "laguntza, babesa eta elkartasuna" adierazi die pentsiodun eta erretiratu guztiei eta haien "eskubideen eta interesen alde lanean" jarraituko duela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak