Martxoko osoko bilkuran hainbat kontu landu diren arren, protagonismo osoa pentsiodunentzat izan da. Osoko bilkura aretoa leporaino bete dute, bai pertsonekin eta baita aldarrikapenekin ere.
Otsaileko osoko bilkurako akta onartu eta jarraian, EH Bilduko Eneko Fernandezek zinegotzi karguari uko egitea onartu dute. Alkateak, eskerrak eman dizkio "Udalaren alde egindako lanagatik eta eskainitako denboragatik", eta segidan Fernandezek hartu du hitza kargua uzteko arrazoiak azaltzeko.
Irudia: Eneko Fernandez kargua uzteko arrazoiak azaltzen.
"Gustatuko litzaidake proiektu eraldatzaile gehiagotan energiak gastatu izana eta gutxiago oinarrizko kudeaketa kontuak borrokatzen eta salatzen. Irmoki sinesten dut mundu eta herri hobeago bat nahi badugu, alderdikerien eta ezin ikusien gainetik, ausardiaz eta guztion artean, proiektu eraldatzaileak martxan jarri behar ditugula eta beraien oinarria herrian bertan dugula. Hausnartzen jarri naiz eta une honetan etxean bertan inon baino gehiago behar nautela antzeman dut. Izan ere, legealdi honetan jaioko den bigarren semea izango dut datozen asteetan. Energia eta pazientzia guztia etxean emateko garaia dudala konturatu naiz, etorkizunean ere helduko zaizkidalako herriaren alde lanean jarraitzeko aukerak". Eneko Fernandezen interbentzio osoa irakurtzeko, egin klik hemen.
Fernandezen hutsunea Larraitz Trojaolak beteko du, EH Bilduko zerrendatako zortzigarren hautagaiak, hain zuzen.
Arrasate Musikal
Pentsioen gaiaren aurretik Arrasate Musikalen finantziazioari buruzko adierazpen instituzionala irakurri dute. EH Bilduk gaia mahai gainean jarri zuen 2017ko azaroan, eta 2013an baita udalbatzako bozeramaileen batzordeak ere. Gaurkoan, Udaleko alderdi guztiek babestu dute adierazpen instituzional bezala.
Arrasate Musikaleko finantziazioan hiru aktorek hartzen dute parte: erabiltzaileen gurasoek (%40 inguru), Arrasateko Udalak (%33 inguru), eta Eusko Jaurlaritzak (%20 inguru). Teorian Jaurlaritzari aurrekontuaren %33a jartzea dagokio, musika eskola publikoetan egiten duen bezala. Baina 2016ko Eudelen udal legeak dionez, soilik musika eskola publikoetan dagokio kopuru hori jartzea.
Udalbatzako alderdi guztiek uste dute Arrasate Musikal erakundea musika eskola publikoen maila berean jarri behar dela, 40 urteko ibilbidea duelako, Udalak parte hartze zuzena duelako, eta haren finantziazioaren bi herenak publikoak direlako.
Eneko Barberenak adierazi du, azken hamaika urteetako datuak ikusi ostean Jaurlaritzaren parte hartzea %20aren bueltakoa izan dela. "2016an, adibidez, gurasoek jarritako dirua %44koa izan da. Azken urte hauetan Jaurlaritzak jarri ez duena kolpez jarriz gero, 100.000 euro pasa jartzea tokatuko litzaioke. Diru horrekin gauza asko egin daitezke, esaterako, familiek ordaindu behar duten kopurua arindu, edota beka sistema bat adostu musika hezkuntza unibertsalagoa izan dadin". Interbentzio osoa irakurtzeko egin klik hemen.
Ostean, EAJko Udal taldeko bozeramaile den Anuska Ezkurrak hartu du hitza, eta hiru gauza adierazi ditu: bat egiten dutela planteatutako adierazpenarekin, Arrasate Musikalekin duten konpromisoa berresten dutela, eta alderdi guztien babesa jaso duela gai honek.
Pentsiodunen eskariak
Jarraian Arrasateko Pentsiodunen Plataformak aurkeztutako mozioa eztabaidatu dute, baina botatu aurretik hiru pentsiodunek hartu dute hitza, leporaino beteta zegoen bilkura aretoan.
Lehenik eta behin, Karmele Iparragirrek hitz egin du, eta bizi duten "prekarietatea erabatekoa" dela azaldu du: "Nazkatuta gaude pentsioen %0,25eko igoerarekin. Gure erosteko gaitasunak nabarmen egin du behera. Gehienok 700 euro baino gutxiago jasotzen ditugu, eta kasu askotan emakumeak eta alargunak gara. Pentsioek izoztuta jarraitzen dute gastuek gora egiten duten bitartean. Azken hamar urteetan elektrizitateak %45 egin du gora, eta azken urtean, berriz, %10. Badirudi eskatzen ari garena limosna dela, baina ez da hala. Gure eskubideak dira, hainbat urtez lana egiten eta kotizatu ostean lortuak". Bere interbentzioa amaitzeko alkateari zuzendu zaio, "gaia seriotasunez hartzeko" eta euren alde zerbait egiteko eskatuz.
Irudia: Karmele Iparragirrek zehatz mehatz azaldu du pentsiodunen egoera zelakoa den.
Sagrario Lopezek hartu dio testigua jarraian. Espainia mailan pentsioen erreserben %90 xahutu izana, "mundu mailako eskandalu" bihurtu dela adierazi du, eta Frantzia, Alemania, edo herrialde eskandinaviarren finantziazio ereduak jarri ditu jarraitu beharreko eredu gisa.
Irudia: Sagrario Lopez eta Jose Riviere.
Azkenik, Gipuzkoako erretiratuen Agijupens elkarteko Jose Rivierek otsailaren 22an Donostian egindako pentsiodunen kontzentrazioko dokumentua irakurri du, eta behin hau eginda alkateari entregatu dio. Euren eskariak kontuan hartzen ez baditu, hurrengo hauteskundeetan igarri egingo duela ohartarazi dio alkateari.
Irudia: Amaia Aspiazu zinegotzia Jose Rivierek irakurritako oharra alkateari ematen.
Alderdi guztietako ordezkariek hitza hartu dute, pentsiodunen aldarrikapenak babesten dituztela adierazteko, eta mozioa aho batez onartua izan da.
Beste bi adierazpen
Euren mozioa onartu ostean, pentsiodun gehienek osoko bilkura aretoa utzi dute. Jarraian martxoaren 8arekin lotutako adierazpen instituzionala irakurri dute, eta besteak beste, Udalaren izenean dei egin diete herritarrei lanuztean eta egun horren baitako ekintzatan parte hartzera. Adierazpena bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen.
Amaitzeko, galde-eskeen tartean, azken adierazpen bat irakurri du Maria Ubarretxena alkateak. Bihar beteko dira 10 urte ETAk Isaias Carrasco erail zuenetik, eta data horren baitan EAJren, PSE-EEren, Baleikeren eta Irabaziren babesa izan duen testua irakurri du.
EH Bilduk ez du testua babestu. Eneko Barberenak GOIENAko mikrofonoan adierazi du "biolentziaren biktima guztien aitortza" egitearen aldekoak direla, eta etorkizunean izango dela Arrasaten aurrerapausoak eta urratsak emateko aukera. Ostean gaineratu du, zapatuan egindako omenaldian "lehen aldiz" egon zela EH Bilduren ordezkaritza bat.