2019 arrazoi pilatzeko, bertako ekarpenen bila

Xabi Gorostidi 2018ko mar. 23a, 10:15

Erabakitze eskubidearen alde Gure Esku Dago-k 2019 arrazoirekin osatutako herri ituna egin nahi du. Bertan arrasatearrek ekarpenak egiteko aukera izango dute, eta horiek biltze aldera herri mintegia antolatu dute zapatu goizean, Kulturaten

Aurreko astean Gure Esku Dago plataformak etorkizunean egin nahi dituen bi ekimen garrantzitsuri buruz informatzeko batzarra egin zuen Kulturaten, eta leku berean hasiko dira ekimen horietako bati forma ematen, bihar goizean.

Erabaki eskubidea gauzatzeko bidea argumentuz josteko asmoz, 2019 arrazoi pilatuko dituen Herri Ituna egitea nahi du Gure Esku Dago-k, eta arrasatearrek euren ekarpenak egiteko hitzordua dute bihar, 10:00etan, Kulturateko areto nagusian.

"Erabakitze eskubidearen aldeko arrazoiak liburuxka batean pilatzea da helburu nagusia. Arrasatearren txanda izango da biharkoa, eta herritar guztiei etortzeko dei egin nahi diegu. Ideologia guztietakoei. Zenbat eta ekarpen anitzagoak jaso, are eta hobeto guretzako", azaldu dute Arrasateko taldeko kideek. Baina ez da biharko mintegiko helburu bakarra izango.

"Beste helburu bat da, ahalik eta jende gehien erakartzea; gure arteko harremana sendotzeko. Zenbat eta esparru desberdinetako jende gehiago eduki hobeto; asko garelako, askotarikoak garelako eta horrek aberasten gaituelako".

Bost enbor, eta arrama asko

Biharko mintegian bost gai zentralei buruzko ekarpenak egin ahalko dira: kultura, ongizatea, herritartasuna, gure lurra eta eredu soziala.

"Hasieran hiru ziren, baina aste honetan egin dugun bileran beste bi gehitu ditugu. Beraz, bost enbor nagusi izango dira, eta horien barruan arrama ezberdinak zehaztu ditugu. Gehienbat, ideiak emateko egin beharreko ariketa errazteko". Hauek dira, aldez aurretik zehaztu dituzten azpigaietako batzuk. Kulturaren enborrean honako arramak egongo dira: artea, euskara, hezkuntza, historia, komunikabideak, sormena eta transmisioa.

Ongizatean, aldiz, honako azpigaiak daude: eredu ekonomikoa, enpresa ereduak, garapen eredua, lan-baldintzak eta sindikatuak. Gure Lurra deituriko enborrean, honako gaiei buruz egin ahalko dira ekarpenak: basogintza, ekologia eta ingurumena. Herritartasuna atalean, aldiz, honakoak izango dira: askatasuna, elkartasuna, jasangarritasuna, Euskal Herriko eskubide eta betebeharrak eta etorkinak. "Ea, zapatuan, guztien artean ideia zaparrada jasotzen dugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak