Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta bere taldeak astebete eman dute Bostonen, ekintzailetzan eta berrikuntzan diharduten unibertsitate eta laborategiak bisitatzen, hala nola Massachusets Institute of Technology (MIT), Bostoneko Northeastern Unibertsitatea, Southern New Humpshire Unibertsitatea, Cambridgeko Berrikuntza Zentroa, Olin College of Engineering eta Babson College.
2015ean Estatu Batuetan gizarte-ekonomia garatzeko helburuz MITekin elkarlanean hasi zen MU, hori bermatzeko MIT-eko Community innovation Lab-ekin hitzarmena sinatu zuen. New Yorkeko gizarte-eraldakuntzaren oinarriak finkatzeko helburua zuen hitzarmen hark, eta azaldu dutenez, handik hona igarotako bi urteetan, bi erakundeek aurrera egin dute lankidetza-ereduan.
Kooperatibak sortuta, gizarte-eraldaketa bat bilatu nahi dute akordio honekin. Unibertsitateko hezitzaileak eta gradudunak prestatu nahi dituzte, negozio kooperatiboak abian jarriz, Ipar Amerikako ekonomia "iraunkorragoa, bidezkoagoa eta demokratikoagoa" izaten laguntzeko, Mondragon Unibertsitatetik jakinarazi dutenez.
MITek Bronxen eta Kolonbian ezarritako eredu sozialen bidez hartutako esperientzia partekatuko du, eta Mondragon Unibertsitateak gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntzan duen jakintza emango du ezagutzera Cooperatives for a Better World elkartearen bidez kooperatibak sortuz.