Zer eskaintzen du 'Hots Bete Ahots' emanaldiak?
Poema luze bat da, hizkuntza ezberdinetan idatzita dagoena –euskaraz, ingelesez, gazteleraz, frantsesez eta abar–, eta poema horren zatiak irakurtzen ditut, Itsasoren musikaz lagunduta.
Zein da poesia horren ardatza?
Pentsamendua garatzen da hizkuntza ezberdinetan, hori da poesiaren oinarria. Gaiari dagokionez, emakumea eta itzulpena dira bi gai nagusiak. Zerk eragiten duen pentsamendua, zenbat hizkuntzaren beharra dugun gure hizkuntzaren pentsamendua osatzeko eta abar.
Beraz, gauza bera hizkuntza batean edo bestean pentsatu, desberdina da zure ustez?
Hori da, eta guztien beharra dugu guk aukeratutako hizkuntzan pentsamendu bat garatzeko. Hizkuntza asko dakizkigunok, beti ari gara itzultzen. Hizkuntza bakarrean ari denarentzat zailagoa da jolas hori egitea, informazioa edota sentsazio ezberdinak bilatzea.
Donostian estreinatu zenuten emanaldia, ezta?
Bai, Tabakaleran, Mugak proiektuaren baitan. Proiektua bukatu arren, hortik kanpo, beste zenbait emanaldi ematea erabaki dugu, eta bigarren emanaldia Arrasaten egingo dugu, gaur.
Zer moduzkoa da zu eta Itsasoren arteko elkarlana? Ondo konpontzen zarete?
Askotan egon gara elkarrekin, beste zenbait proiektutan. Oso ondo konpontzen gara. Gainera, nik badut lilura bat gitarra elektrikoarekiko. Laguntzen nau, eta hori asko maite dut. Inprobisatzeko ohitura ere badugu, eta oso eroso aritzen gara biok.
Zertan laguntzen du musikak testu errezitaldi batean?
Nire ustez, irakurketa aberasten du musikak. Girotzen laguntzen du, sakontzen. Osotasun bat sortzen du musikak, eta entzuleak eramaten ditu leku ezberdin batzuetara. Bi baliabideak uztartzen direnean, halako bidaia bat egiteko gonbita bezala da.
Arrasatera itzuliko zara. Gogotsu?
Pozik itzuliko naiz Arrasatera. Azkenekoz duela 20 urte inguru egon nintzen eta espero dut aspaldiko lagunak gu ikustera etortzea. Beraz, guztiak animatu nahi ditut saioa ikustera. Ordubeteko emanaldia izango da, euskararen eta musikaren hizkuntzaz gozatzeko.