¿Sueñan los humanos con androides cariñosos? bataiatu duzu lan berria.
Hala da. Mundua adimen artifizialaren bueltan antolatua dagoelarik, garrantzitsua da gaiaren inguruan hausnartzea, planteamendu etikoak eta filosofikoak azalaraztea. Bada, bide horretan doa liburua. Hori, ohi dudan moduan, literatur generoen uztarketatik abiatuta. Beste modu batera esanda: besteak beste, umorea, fikzioa eta polizia eleberrien kutsua aurkituko ditu liburua irakurtzen duenak.
Gehiago esaterik?
Askorik ez. Etorkizuneko Bilbo hirian gertatzen da istorioa. Hain zuzen, loteria irabazten du ekonomikoki hondoan dagoen Pablo Artolak; jauregitxo bat eta lagun egiteko androide bi erosiko ditu diru horrekin. Dena ondo doakio, bere emazte ohia hiltzen duten arte: bera da susmagarri nagusia. Baina ez bakarra. Gerora, nahastu egingo da kontua, lagun egiteko bi androideak susmagarrien zerrendan sartuko dituzte eta. Robotikaren logika apurtuko luke horrek, uste baita robotek ezin diotela minik egin gizakiari. Galdera bat sortzen da, beraz: nor da benetako hiltzailea? Liburuan dago erantzuna.
Adimen artifizialarekin jolastu duzu, orduan.
Uste dut geuregandik askorik bereiziko ez diren androideak izango ditugula etorkizunean. Geure buruari galdetu behar genioke androideek sentimenduak edota afekzioak dituzten egunean ze alde egongo den euren eta geure artean. Asko dago hausnartzeke. Liburuek jada badihardute horren inguruan. Eta ez dugu ahaztu behar liburuetan iragarrita zeuden gauza asko gertatu direla errealitatean.
Sortzaile guztiek izan ohi dute helburu bat...
Irakurlearen hausnarketa bultzatzea dut helburu, betiere, umorea erdigunean izanda. Finean, irakurlea entreteni dadin bitarteko dira nire liburuak; edo horretan saiatzen naiz, behintzat. Behin esan zidan editorial batek ez zuela nire lana argitaratuko, entretenimendurako zelako. Orduan pentsatu nuen: zertarako dira liburuak? Nire ustez, irakurlea entretenitzeko.
Nabari da esperientzia?
Duda barik. Ikusten duzu esaldi batek baino gehiago, liburu osoak harrapatu behar duela irakurlea; horretarako bitartekoak jartzen dituzu, beraz.
Eta bada aurrekoen aztarnarik lan berrian?
Bai. Nire omenalditxoa egin gura izaten diet iraganeko lanei. Esaterako, Luis Garcia Otwenen oinordeko bat ageri da argitaratu berri dudan lanean. El cadaver de porqueriza liburuko polizia zen Garcia Otwen –nire lehen liburua izan zen hura, 1995ean argitaratutakoa–. Idazlearen unibertsoaren barnean egiten diren jolasak dira horiek.
Argitaratu ostean aurkezpen birari ekin behar, ezta?
Hala da. Oraindik, guztiz zehaztu barik dugu bira. Esan dezaket Euskal Herriko hainbat hiriburutan izango naizela. Eta Madrilen ere izango da aurkezpenik –bertakoa da editoriala–. Bitartean, aurkezpen hitzorduetan eskura daiteke liburua.