Galde eta eskeen tartean Maria Ubarretxenak hartu zuen hitza, eta zutik jarrita, lau alderdien artean adostutako testua irakurri zuen. Zera zioen testuak:
"Arrasateko Udalak ez du nahi ETAk eraildako Isaias Carrascoren erailketa bidegabearen 10. urteurrena isiltasunean igaro.
Udal honen konpromisoa da gure herrian indarkeriaren bidegabekeria jasan duten pertsona guztien sufrimendua aitortzen duen memoria eraikitzea.
Bizikidetza baketsu eta inklusibo baten alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.
Arrasateko etorkizunari elkarrekin eta elkarbizitzan begiratu nahi diogu"
Aurretik esan bezala, lehen aldia da Arrasateko Udalaren izenean era honetako aitortza bat egiten zaiola Isaias Carrascori. Zapatuan alderdi sozialistak omenaldia ekitaldia egin zuen Navas de Tolosa kalean, eta bertan behin baino gehiagotan aipatu zuten Arrasateko herriak bazuela zor bat Carrascoren familiarekin.
Irudia: Zapatuan, Navas de Tolosan Carrascori egindako omenaldian, sozialistak lore eskaintza egiteko unean.
"Lehen aldia da. Arrasateko Udalak, instituzio gisa, ez du sekula ezer esan Isaias Carrascoren erailketa bidegabearen harira. Aurten, hamargarren urteurrena zen, eta orain arte isiltasun bat egon denez, beharrezkoa zen isiltasun hori apurtzea. Beraz, erabaki dugu, lehen pauso bezala, xume-xume, gaur hau egitea" azaldu zuen Maria Ubarretxenak GOIENAko mikrofonoan.
EH Bilduko ordezkariek ez zuten ezer esan adierazpena irakurtzerakoan, baina osoko bilkura amaitu bezain pronto, horri buruz galdetu zion GOIENAk EH Bilduko bozeramaile den Eneko Barberenari: "Aurten urteurren borobila da; 10 urte. Larunbatean lehen aldiz hartu genuen parte San Andres auzoko ekitaldian. EH Bilduren ordezkaritza bat izan zen bertan. Eta gaur, egia da, ez gara batu adierazpen horretara. EH Bilduk biktima guztien aitortza eta errekonozimenduaren alde egiten du, baina uste dugu errazagoa izango zaigula ekintzetan parte hartzea hitzetan baino. Minak ikusten ditugu, ikusten dugu ere bai gai honetan urratsak ematea ezinbestekoa dela. Baina ematen ditugun urrats horiek ahalik eta sendoenak eta lasaienak izan behar dira. Uste dugu egongo direla aurrerago ekintza gehiago eta aukera gehiago horretarako".
Zapatuko ekitaldian Arrasateko Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztietako zinegotziak izan ziren, EH Bildukoak izan ezik. Hori bai, ekitaldian parte hartu zuen Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean; harekin batera ere egon zen Ainhoa Beola (Aralar) EH Bilduko batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Lehen aldiz izan zen sozialistek urtero antolatzen duten omenaldi ekitaldi horretan EH Bilduko ordezkaritza bat.
Irudia: Zapatuko omenaldian, Rafaela Romero (PSE-EE) eta Maddalen Iriarte (EH Bildu) elkarren alboan. Lehen aldia zen EH Bilduko ordezkaritza batek Carrascoren omenaldian parte hartzen zuela.