Pentsionistek Herriko Plazatik osoko bilkurara eramango dituzte euren aldarrikapenak

Xabi Gorostidi 2018ko mar. 6a, 12:57
Argazkia: Arrasateko Pentsionisten Mugimendua

18:00etan, martxoko osoko bilkura hasteaz bat, kontzentrazioa egingo dute Herriko Plazan, eta ostean, bilkura aretora igoko dira. Gaurko gai zerrendan, hiru eskaera zehatz dituen mozioa sartu dute: pentsioen %0,25keko igoera apurtzea, KPIren igoera erreferentzia aplikatzea, eta gutxieneko 1.080 euroko pentsioak ezartzea eskatzeko.

Hiru eskaera horiek egitera eraman dituzten arrazoiak azaltzeko testu mamitsu bat prestatu dute. Bertan, 2008an hasitako krisia urtetan lortutako eskubideak "aurretik eramateko" baliatu dela salatzen dute. "Finantza entitateen erreskateak, euren kasino eta burbuilarekin eragin zuten krisi ekonomikoaren ondorioz, gure garaiko bortitzena, gure eskubideak aurretik eraman zituzten etxegabetze, lan erreforma eta zerbitzu publikoen murrizketa zerrenda luze batekin (hezkuntza, osasun zerbitzuak, gizarte segurantza...); hiritarren sorbaldetan kargatuz eta publiko eginez mundu pribatuko galera eta sarraskiak. Prekarietatea norma bezala hedatu da gizartearen gehiengoarentzat eta pentsiodun eta jubilatuen gainera zuzendu da orain eskubideekiko erasoa".

Espainiako gobernuaren pentsioen erreforma erasotzat jotzen dute, batez ere pentsio pribatuak sustatu nahi dituztelako, eta horrek "erretiro adina atzeratzea eta prestakuntzen murrizketa bultzatzen" duelako. "Pentsio itsulapikoen hustuketak –%90a 2011tik hona– pentsio plan pribatuen aldeko apustuarekin eskutik joan da, langabezia jarraia, soldaten jaitsiera, enplegu berriaren prekarietatea eta lan-erbestearekin batera gizarte kotizazioetan soilik mantendutako sistema publikoa kondenatuz".

Salatzen dutenez, pentsioen gaiak ez die soilik eurei eragiten, atzetik datozen belaunaldi guztiei baizik. "Gure eskubideak irabazi eta duintasunez bizitzeko gutxieneko bizi baldintzak ahalbideratuko dituen pentsioak lortu nahi ditugu; merezi dugulako, eta gure seme-abalek eta ilobek ere merezi dutelako".

Irudia: Mozioa BAZen erregistratu ostean ateratako argazkia.

Guzti hori kontuan izanda, hiru eskaera hauek egingo dituzte martxoko osoko bilkuran aurkeztutako mozioan:

  • Arrasateko Udalak Estatuko Gobernuari pentsio publikoen %0,25eko urteroko igoerarekin amaitzea exijitzen dio.
  • Arrasateko Udalak Estatuko Gobernuari 1.080 euroko gutxiengoa pentsio ezartzea, eta hau KPIaren urteroko igoerara lotzea exijitzen dio.
  • Arrasateko Udalak Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio, Estatuko Gobernuak gutxiengo pentsioa 1.080 euroan ezartzeari uko egiten badio, Gizarte Segurantzako eskumenak eskuratu arte Eusko Jaurlaritza izatea gutxiengo pentsioa eta 1.080 euroren arteko tartea osagarri baten bitartez bermatzen duena.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak