20 bat lagun elkartu ziren atzo, Etxezarreta ingurura ibilaldia egin, eta egurraren sektoreko erronkei buruz hitz egiteko. "Kafetegi giroan aritu gara, norbere ikuspuntuak eta zalantzak partekatzen. Ez dugu mundua konpondu, baina jardunaldietan ikasitakoa mendian aplikatzeko baliagarria izan da" azaldu du Arrasateko Udaldeko Landa Garapenerako teknikari den Pello Garaik.
Gaur egungo basoen errentagarritasun ekonomikoa izan zuten hizpide nagusi, batez ere pinu ekoizpenari dagokionez. "Orain arte pinuaren landaketa eta ustiapena erreza izan da. Baina mundu global batean lehiatzen gara, eta konpetentzia geroz eta handiagoa da. Gainera zailtasunak agertu dira azkenaldian, gaixotasunak direla eta. Arrasate ingurura oraindik ez da heldu, baina Urola eskualdean arazoa handia dago banda marroia deitutako gaixotasunarekin. Pinuak lehortuta uzten ditu, eta baliteke gutxi barru inguru hauetara heltzea. Beraz, industrian gertatzen den bezala, espezializazioa izan daiteke irtenbide posible bat, merkatu global horretan errentagarri izaten jarraitzeko. Hori egin ezean, egurraren industria ez da probetxuzkoa izango, eta basoak bioaniztasunera bideratuko beharko genituzke bere osotasunean".