Hamarkada bat Biona barik

Xabi Gorostidi 2018ko mar. 4a, 16:23

Martxoak 1ean bete ziren hamar urte herriko belaunaldi gazte askoren lehen tabernak ateak itxi zituenetik. Sagrario Lopezek harreman estua izan zuen gazteekin, baina nahiko kezkatuta dago, gaur egun "indibidualismoan galduta" ikusten dituelako.

Ukaezina da taberna hark bazuela zerbait berezia, belaunaldi gazteak bata bestearen atzetik erakartzea lortu zuena. "Momentu batzuetan, gaztetxe funtzioa bete zuen. Barra atzean geundenok adinez nagusiagoak ginen arren, beti sentitu gara gazte. Forma eman genion tabernari, gazteek propioa zuten leku bat bezala sentitu zezaten", azaldu du Sagrario Lopezek.

"Ni gaztea nintzenean Bionara joaten nintzen, eta gure osteko belaunaldiek bide bera jarraitu zuten. Gustura sentiarazten zintuen lehen taberna zen; kolakaua, zigarroa... ez zeukan telebistarik, beti zeneukan musika jarrita", azaldu du Ezequiel Fernandez Marmi-k.

Kolektibitatea oinarrian

"1977an Bionan sartu aurretik, erbestean egon nintzen, Belgikan. Han, taldean lan egitearen beharraz jabetu nintzen eskola alternatibo batean lan eginez, eta gero, tabernan aplikatu genuen. Nahiko estruktura kooperatiboa ginen; beharrak, ardurak eta irabaziak partekatzen genituen, langile guztiak maila berean geunden... Norbait haurdun geratzen bazen, gizarte-segurantzak lanaldi erdia finantzatzen zuen eta beste erdia tabernatik ordaintzen genion", azaldu du Lopezek.

Alde zaharreko taberna multzo batek Zona gorria izendapena jaso izan du, eta Biona izan zen talde izaera horretako bultzatzaileetako bat. "Oso esanguratsua zen, eta jende asko ez zen bertatik apenas ateratzen; Irati, Biona, Iluntz, Lagunilla; gerora, Basati, Ekaitz...", gogoratzen du Marmi-k.

Elkarren artean oso gertu zeuden tabernak ziren, eta, Lopezek dioen bezala, baita ideologikoki ere. "Izaera soziala zuen edozein manifestazio zegoenean, ateak ixten genituen denok, eta manifestazioan parte hartzen genuen. Ausartak eta kontsekuenteak izan ginela uste dut".

Gazteekin kezkatuta

Lopez kezkatuta dago Zona gorria-k eta Ferrerias inguruak indarra galdu dutelako, eta zuzenean lotu du hori gazteen artean dagoen kolektibitate faltarekin. "Bionan kuadrilla ezberdinak erlazionatzen ikusten nituen; partxisean, mahai-futbolean edo hitz egiten. Baina gaur egungo gazteen artean indibidualismoa da nagusi. Oso arduratuta ikusten ditut euren lan etorkizuna dela eta. Biziraupena kontzientziaren aurretik jartzen dutela uste dut".

Biona osteko ibilbidea

Eta zer egin du Bionako azken lantaldeak taberna itxi ostean? "Marmi-k eta Isi-k ostalaritzan jarraitu dute, eta orain, Basatin eta Gatzagako tabernetan daude, hurrenez hurren. Ainhoa eta Bika, Larrinetxen; Pili eta Endika, lantegi batean; Karmele, Umezaintzan; Jaione, Santa Agedan; Amaia Garcia, Eskola Politeknikoko jangelan; eta Amaia Otegi, eskuz egindako gauzak egiten eta saltzen", kontatu du Lopezek.

Hark erretiroa hartu zuen 2008an, baina ez da geldi egotekoa, eta buru-belarri dabil pentsiodunen aldarrikapenekin: "Eskubideak defendatzeak bizia ematen dit. Ez da niretzako egiten dudan lan bat, gure seme-alabentzat eta bilobentzat ere egiten baitut". Urte hauetan bezero ohien maitasuna jaso duela aitortu du. "Batez ere, mutilen partetik jaso dut kalean gurutzatu eta begiradan maitasun puntu hori".

Marmi: "Jendeak sarri esan dit: gogoratzen duzu Biona? Nola ez dut gogoratuko! Orain baino zoriontsuagoa nintzen eta!"

Arrasateko gazteen omenaldia

Herriko gazteen artean arrastoa utzi duen taberna izan da Biona, eta horren erakusgarri da Arrasateko Gaztetxean dagoen murala. Tabernaren sarrera irudikatzen duen horma-irudia dago, Bionako letrero originalarekin. AGAKOko kideek egin zuten 2009ko udan, tabernak ateak itxi eta urtebetera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak