Kirolarekin lotutako apustuen negozioa handitzen ari da. Datu ofizialei erreparatuz, Espainiako Estatuan %22 hazi zen sektorea 2016an, eta 2017ko lehen bederatzi hilabeteetan hazkunde hori 2016koa baino %7,38 handiagoa izan zen, guztira, 4.117.750.000 euro erakarriz.
Arrasaten ere igarri daiteke hori. Amaia antzoki parean, apustu-etxe ezagun batek egoitza zabalduko du laster, Dotakon denda eta Lagun Aro egon ziren lokalean. Bi urtean, horrelako lokalik ez egotetik, bi edukitzera pasa da Arrasate, eta herriko tabernetan kirol apustu-makinen presentzia nabaria da.
Bostetik bat
Herrian kirol apustuek duten harrera maila neurtzea ez da erraza, baina tenperatura hartzeko modu bat izan daiteke tabernetako apustu-makinen kopurua eta funtzionamendua. Arrasateko bost tabernatatik batek kirol apustuen-makina bat dauka. Kontsultatuko 42 tabernetatik zortzik dituzte makinak gaur egun; hau da, %19k. Gehienek jarri zituzten bezeroei zerbitzu bat gehiago eskaintzearren, nahiz eta ematen duten errentagarritasuna txikia den guztientzat. "Makinetan sartzen den diruaren %1 jasotzen dugu tabernariek. Oso mozkin txikia da, baina tabernara jendea erakartzeko balio du", azaldu du tabernari batek.
Tabernari gehienak bat datoz gauza batean: profil eta jokabide desberdinak dituzten jokalariak daude. "Gazte dezente erakartzen dute makinek, baina hauen %80k ez dute tabernan kontsumitzeko joerarik. Aldiz, jokalari helduen artean askoz hedatuagoa dago apustua egin eta trago bat eskatzeko ohitura. Orokorrean, gazteek kopuru txikiak jokatzen dituzte, eta helduen artean taldekako apustuak egiten dituzte askok".
Zigorrolako tabernari batek aitortu du adingabeekin arazoak izaten dituela. "Tabernara apustuak egiten sartzen diren gazte guztiei nortasun agiri txartela eskatzen diet. Ez naiz polizia bat, baina hori egin beharra daukat, bestela isunak 6.000 eurokoak izan daitezke eta".
Makinarik ez duten tabernarien %11k aitortu dute jartzea pentsatu izan dutela. Askok azaldu dutenez, interesa izan arren, apustu-etxeek ezetz esan diete, alboan makinak dituzten tabernak izateagatik.