Kike Dapena: "Txalaparta soinua eman dio Ttakun taldeak Arrasateri"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko ots. 18a, 17:30

Arrasateko txalaparta taldeak, Ttakunek, "herritarrekin eta egurra emuten!" ospatu nahi ditu 25 urteak. Hamabost lagun daude taldean. Hain justu ere, Ttakun elkarteko kide den Kike Dapenak dihardu 25 urteotako ekimenez eta urteurreneko ospakizunez.

1993an sortu zen Arrasateko txalaparta taldea, Ttakun. Zeri erantzun nahi zion?


1988ra egin beharko genuke atzera. Izan ere, urte hartan, Kepa Altube Kopi-k eta Igone Kazalisek Bilboko gaztetxeko txalaparta eskolan ikasitakoa erakutsi zuten Arrasaten. Gerora, 1993an, taldea sortu zuten, herrian txalapartarekiko zegoen interesari erantzuteko.


25 urte hauetan, hamaika ekimen, ikastaro eta beste antolatuko zenituzten eta ikasleak ere asko izango ziren. Ze nabarmenduko zenuke?


Urte hauetan guztietan antolatu ditugun ikastaroak. Sasoi baten, iraupen dezentekoa zuten, eta konpromiso handia eskatzen zuen, bai irakasle zein ikasleen aldetik, hiru hilabetez ia asteburu guztietan joatea eskatzen zuen eta. Gero, izan dira ekitaldi bereziak: Leonera joan ginenekoa... Baina aberasgarriena ikastaroak izan dira. Sasoi baten jende asko mugitzen zelako, 30 bat lagun urtean, eta txalaparta zabaltzeko baliagarria izan delako. Gainera, Mondragoetik ez ezik, inguruko herrietatik ere etortzen ziren ikastera, eta beste herri batzuetan antolatzen genituen. Aisialdia pasatzeko beste aitzakia bat zen.


Zer eman dio Ttakunek Arrasateri eta zer Arrasatek Ttakuni?


25 urteko txalaparta soinua, hori ukaezina da. Ttakun eskualde osorako erreferente bat izan da, txalaparta talde bat. Herriak ere eman digu aisialdia beste era batera disfrutatzeko aukera.


25 urtez Arrasaten egurra emuten! izenburua jarri diozue 25. urteurreneko ospakizunari. Oraingo astean hasi zarete ospatzen...

Bai. Txotxparta ospatu dugu egubakoitzean. Poteo animatua Arrasateko kaleetan eta gauean afaria izango dugu Zabolain sagardotegian, alboka, pandero, bertso eta txalapartaz girotuta.


Zer beste antolatzea daukazue buruan?


Asmoa da uztailaren 7ra arte, hilero, gutxienez, zerbait antolatzea: mahai-inguruak, emanaldiak, Lorentxo Altuberen instrumentuekin erakusketa... Uztailaren 7an emango diogu amaiera, Txalaparta Egunarekin. Kalean izango dira txalaparta zaratak, kanpoko gonbidatuekin. Dena den, udazkenerako ere antolatu nahi ditugu ekitaldiak, auzoetan eta.

Erlazionatuak

Ttakun, 25 urte egurra emoten

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 ots 17 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak