Arrasateko txalaparta taldeak, Ttakunek, herritarrekin eta egurra emuten! ospatu nahi ditu 25 urteak, eta atzo egin zituzten urteurren ekitaldietako lehenengo ekintzak. 50 lagun elkartu ziren Gesalibarko Zabolain sagardotegian Txotxparta egiteko. Aurretik, hori bai, batzuendako motz gelditu zen txikiteoa egin zuten herrian.
Sagardotegian Arrasateko txalapartariek egin zuten ongi etorria; izan ere, saio bat eskaini zuten afaltzen hasi aurretik. Afarian zehar, berriz, alboka, pandero, bertso eta txalaparta hotsa izan zen girotzeko.
Sagardo, musika eta janaren artean Arrasateko Ttakun txalaparta elkarteko Kike Dapenak hartu zuen hitza. Elkartearen sorrera eta elkartetik pasatako pertsonak izan zituen gogoan. Gaineratu zuen elkartearen 25. urteurrena izanik urte osorako egitaraua prestatu dutela, eta eskerrak eman zizkien lehenengo ekintzan parte hartutakoei.
Kamisetak harrera ona
Urteurrenerako propio egindako kamisetak atera ditu Ttakun elkarteak. Bi koloretan eta hainbat neurritan daude. Kamisetak harrera ona izan du. Atzokoan 50 pertsona elkartu ziren afaltzeko eta 40 kamiseta saldu zituzten. Kamisetak, dena den, salgai egongo dira Ttakun elkarteak urteurrenarekin lotuta urtean zehar egingo dituen ekintzetan.
Ibilbide oparoa
1993an sortu zen Arrasateko txalaparta taldea. Ikastaro ugari antolatu dituzte urte hauetan guztietan eta ekitaldi batean baino gehiagotan izan dira. Ekintza gehiago ere etorriko dira; izan ere, urte osorako egitaraua iragarri dute 25. urteurrena ospatzeko.